Arkamurkak antolatzen duen Natur Astearen ginga izan ohi da perretxiko erakusketa. Urtero bezala, Merkatu plazako beheko solairuan jarri dituzte apain-apain perretxikoak eta horien inguruko informaziodun kartelak; aurten, erreka bazterretako perretxikoak jaso dituzte.
Berezia izan da gaurko erakusketa. Normalean perretxikoak izan ohi dira erakusketako protagonista bakarrak, baina gaurko erakusketaren erdia Jose Luis Albizu Golindori eta haren emazte Ane Miren Muruari eskainia egon da. Golindoren bizitza, naturarekiko zaletasuna, argazkiak eta bestelako interesen inguruko informazioa zekarten panelak jarri dituzte.
Arkamurka Natur Taldearen sortzaileetako bat izan zen Golindo, eta Arkamurkan nahiz Aranzadin mikologiaren inguruan ibilbide oparoa egin zuen. Tamalez, aurten zendu dira bera eta bere emaztea, eta Arkamurkak bereziki gogoan eduki nahi izan ditu biak Natur Astean.
Jende ugari
Eguerdi partean bete-bete eginda zegoen Merkatu plaza, eta jendeak interesez irakurtzen eta behatzen zituen erakusketako elementuak. Arkamurkako kideak ere bertan izan dira herritarren zalantzak argitzen eta bestelako azalpenak ematen. Martxel Aizpurua antolatzaileak aditzera eman du beste urteetan baino jende gehiago bertaratu dela aurten, eta gustura zegoen arrakastarekin.