Brindixarekin eman diete hasiera Putzuzuloren urteurreneko ospakizunei. Topa egin aurretik batzar informatibo laburra egin dute, bertaratu direnek jakin dezaten une honetan zein den gaztetxe berria izango den eraikinaren egoera, eta zertan den udalarekin adostu beharreko hitzarmena. Une honetan, udala hainbat egokitzapen obra egiten ari da gaztetxe berria izango den Bizkaia kaleko 61.ean. Hura prest egon artean, eragileek Putzuzulon jarraituko dute.
Batzarraren ondoren, edalontziak bete eta unblenble egin dute gaztetxearen kanpoaldean, biribilean jarrita.
Data zehatzik ez dagoen arren, gutxi barru eraitsiko dute gaztetxea Salberdingo urbanizazio proiektua dela eta. 2017an hasi ziren Salberdingo urbanizazio proiektuko lehen fasea gauzatzeko pabilioiak eraisten, eta gaztetxearen pare-parean altxatu dituzte dagoeneko hainbat etxebizitza bloke. Putzuzulo eta inguruan geratzen diren eraikin gutxi batzuk dira zutik geratzen diren bakarrak, eta eraisten dituztenean, udalak erositako Eroski atzeko pabilioi batean kokatuko dute gaztetxe berria. Hala iragarri zuen asanbladak apirilean egindako prentsaurrekoan.
Iazko udazkenean jakitera eman zuen Putzuzuloko asanbladak "edozein unetan" eraitsi zezaketela gaztetxea. Hamabosgarrena azken urteurrena izan zitekeela uste zuen jendeak, baina COVID-19a dela-eta hartu beharreko neurri murriztaileak tarteko, bertan behera geratu zen ia egitarau osoa. Aurtengoa, bigarrenez, azken urteurrena izan daiteke, baina iazkoarekin alderatuta, egitarau joriarekin eta giro alaiean ospatu ahal izango dute.