Erik Balenziaga: "Pozgarria da ikustea txikiok edonon izan gaitezkeela garrantzitsu"

Julen Etxeberria / Berria 2021eko urriaren 31

Balenziaga, Euskadiko selekzioarekin jokoan.

Bidasoak Fenix Tolosa hartuko du azaroaren 16an, Europako Ligako multzoen fasean. Frantziako taldean ari da Erik Balenziaga zarauztarra. Julen Etxeberria kazetariak egindako elkarrizketa argitaratu du Berria egunkariak. Bertan irakur daitekeenez, lehia "berezia" izango dela dio Balenziagak, baita "garrantzitsua" ere: "Hirugarren posturako lehian arituko gara biak".

Badira kasualitatez kirol bat egiten hasi diren kirolariak. Ez da horietako bat Erik Balenziaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1993). Familia oso eskubaloizalea izanik, nahi eta nahiz ez heldu behar zion baloi txikiari. «Aitona bat, gurasoak, arreba, osabak, lehengusuak... familia ia osoa ibili da edo dabil eskubaloian. Besterik ez da arnasten». Hark ere saskibaloia zuen gustuko, eta oso ondo moldatzen zen. Baina 18 urterekin, aukeratu behar izan zuen, eta ez zuen zalantza egin. Herriko taldean trebatu ondoren, Teucrorekin egin zuen estreinakoa Asobal ligan, 22 urte zituela. Urtebete egin zuen Galiziako taldean, bi Anaitasunan, eta hiru Logroñon. Udan, bere kirol ibilbidean «beste pauso bat emateko asmoz», Fenix Tolosa Frantziako taldearen eskaintza onartu zuen. «Oso gustura» dabil han. «Baina» bakarra du: taldea «larri» dabilela. «Itxaropena» du gora egingo dutela.

Bi aste barru Irunen jokatuko duzu. Partida berezia da?

Bai. Etxekoak eta gertukoak harmailan izango dira, eta hori berezia da beti, eta pozgarria.

Sarrerak eskatu dizkizute?

Bai, mordoa, eta esan diet nik ezer gutxi dudala egiteko halako kontuetan. Baina ziur naiz haietako batzuk harmailan izango direla.

Nor animatuko dute?

Ni, ziur. Nire aldekoak dira.

Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Nire ustez, Berlin eta Plock multzoko beste lau taldeak baino koska bat gorago daude; beraz, Bidasoa eta gu hirugarren posturako lehian arituko gara [lehen lau sailkatuek jokatuko dituzte final-zortzirenak]. Denboraldiaurrean bitan jokatu genuen elkarren aurka, eta bakoitzak partida bat irabazi zuen. Estuak izan ziren biak, eta halaxe izango da ere asteartekoa: oso borrokatua.

Biek jokatu dituzue bi partida: Bidasoak bat irabazi du; zuek, ordea, bat ere ez. Hala ere, aldea dago: Berlinen eta Plocken kontra jokatu duzue, eta etxetik kanpo. Kontuan hartzekoa da hori?

Bai. Alemanian bi golengatik galdu genuen, baina hamar minutu eskasen faltan, bi gol ginen aurretik. Polonian, berriz, lau golengatik galdu genuen, baina hiru golen aldeaz joan ginen aurretik lehen zatian. Aurreko sasoian Lauko Finala jokatu zuten bi taldeen pistan nor baino nor gehiago aritu gara, eta horrek meritu handia du.

Zer nabarmenduko zenuke Bidasoaz?

Asko gustatzen zait oso garbi duela zer egin nahi duen erasoan: gurutzaketak egin, buruz burukoak bilatu, piboteekin jokatu... Defentsa sendoa du ere, eta atezain oso onak. Hari irabazteko, 60 minutuz jokatu behar duzu. Haren armak indargabetu ezean, oso zaila da hari nagusitzea.

Bidasoako zeinek ez jokatzea nahiko zenuke?

Rodrigo Salinasek. Izugarri gustatzen zait.

Etxean jokatuko du. Horrek mesede egingo dio?

Bai, baina guk eskertu egiten dugu harmailan zaleak egotea. Nahiago dugu 2.000 zale gure aurka izatea inor ez egotea baino. Tristea izan da zalerik gabe jokatzea.

Harremana duzu Bidasoako jokalariren batekin? Hala bada, bidali diozue elkarri mezuren bat partidaren aitzakian?

Zorionez, askorekin daukat harremana. Jon [Azkue] eta Kauldi [Odriozola] aspaldiko lagunak ditut; Anderrekin [Ugarte] bi urtez jokatu nuen Anaitasunan; Victorrekin [Rodriguez], urtebetez Teucron; eta Mikelekin [Zabala] eta Caverorekin, hainbat alditan selekzioan. Eta bai, zozketa egin zutenean segituan jaso nuen Jonen mezu bat esanez laster elkar ikusiko genuela. Ziur naiz partida iritsi arte beste mezuren bat bidaliko diogula elkarri. Badut gogoa guztiekin egoteko eta hitz egiteko.

Irakurri elkarrizketa osorik Berria-ren atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide