Erasmus+ proiektuaren barruan, Orokieta Herri Eskola bisitatzera etorri dira Eslovakiako, Letoniako, Lituaniako, Siziliako (Italia) eta Turkiako irakasleak.
Goizean, ongietorria egin diete eskolako ikasleek, agurra dantzatuz eta kantu bat abestuz. Zarauzko udal ordezkariek lagunduta, patio berritua, baratza eta IkasgeLab eremua ezagutu dituzte, baita Orokietako hezkuntza sistema ere: ikas komunitate izaera, proiektuetan oinarrituta egiten den lana eta sormen geLaben nondik norakoak.
Datozen egunetan, bisita ugari egingo dituzteproiektuaren gaiari lotuta: Everything can be recycled except the Earth [dena birziklatu daiteke, Lurra izan ezik].
Bihar, Tolosako TOPICera joango gara, bertan birziklapenarekin duten lantegi bat ezagutzera. Asteazkenean, berriz, Orokietan pasako dugu jarduna. Hasteko, Haur Hezkuntzako etapa ezagutuko dute, ondoren, Urola Kostako Mankomunitateko Zisare programa aurkeztuko zaie eta eskolako irakasleak partaide diren Scientix proiektuaren nondik norakoak deskribatuko dizkiete.
Ostegunean, Tabakalerako Medialabekin elkarlanean, Hor Konpon eta Precious Plastic proiektuak lehen eskutik ezagutuko dituzte. Bukatzeko, ostiralean, Bilboko Artigas Hondakinei buruzko Ingurumen Hezkuntzarako Bizkaiko Zentroa bisitatuko dute.