UKTren lau eduki, Tokikom sarietako finalisten artean

Zarauzko Hitza 2021ko urr. 8a, 11:38

Aurtengoa Tokikom Sarien seigarren edizioa da. Epaimahaiak bederatzi lan aukeratu ditu saria jasotzeko hautagai izateko, eta horien artean dira Maxixatzen aldizkariko azal bat eta erreportaje bat, GUKA gehigarriko erreportaje bat eta Karkara aldizkariko azal bat. Herritarrek lan onenen aldeko boza eman dezakete, urriaren 20a bitartean; boto gehien jasotzen dituen lanak Komunitatearen Saria eskuratuko du.

Martxan dago Tokikom Sarien seigarren edizioa, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Sariok Tokikome Toki Komunikabideen Bateraguneak antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundien babesarekin.

Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahai batek hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Maria Gonzalez Gorosarrik eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek osatzen dute. Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 57 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus- entzunezkorik onena aukeratzeaz.

Dena den, dagoeneko aukeratu dituzte lan finalistak, eta horien artean daude Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) argitaratutako lau: Azkoitiko Maxixatzen aldizkariko azal bat eta erreportaje bat, GUKA gehigarriko erreportaje bat eta Orioko Karkara aldizkariko azal bat.

Hona hemen saria jasotzeko hautagai diren lanak:

Komunitatearen saria

Joan den urtean bezala, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen Saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren boto gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsari emateko asmoz. Botoa emateko urriaren 20ra arte izango da webgune honetan.

Sari banaketa eta jardunaldiak
 Tokikom Sarien banaketa azaroaren 12an izango da, tokiko komunikabideen erronken inguruko jardunaldi batzuen barruan. Ekitaldiaren inguruko xehetasunak laster jakinaraziko ditu Tokikomek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide