Zarauztarren doinuak

Joxean Urbietaren doinuak

Zarauzko Hitza 2021ko urr. 6a, 09:00

Asteazkenero, zarauztar batek hautatutako bost abesti jasoko ditugu 'Zarauztarren doinuak' atalean, eta Joxean Urbieta da aste honetako protagonista.

Hara zer nolako lana jarri didaten Zarautzko Hitzako lagunek:
-Zure gustuko bost kanta aukeratu eta horiei buruzko azalpentxo bat idatziko al zenuke?

Erraza zirudien, baina buru-hauste bihurtzen ari da eskaera azkenerako. Abesti mordoa baztertzen ari naiz bostekin gelditzeko. Eskaera honi beste tartetxo bat eskainiko diodan bakoitzeko aldaketaren bat sartuko dudala jakinik ri-ra egin eta selekzioa igortzea erabaki dut. Erromatarrek zioten moduan: “alea iacta est”.

Gustukoa izatea espero dut.

Kronologikoki ordenatu ditut bost abestiak. Gomendio bat eman nahi dizuet azkenik. Abesti hauek zuen telefonoetatik entzuteko asmoa baduzue aurikularrak erabili itzazue. Alde ederra dago.

1. Musikaz inguraturik hezi izan nintzen. Gure aitak zuzentzen zuen Oleskariak zortzikotearen entsegu batzuk gure etxean egiten zirenez, gogo handiz jarraitzen genituen. Entsegu garaian ez zen ez telebistarik, ez irratirik, ez eta isiltasuna edo bakea hautsiko zuen zarata txikienik ere. Zintzo demonio egoten ginen gizon koadrila harri begira. Barru-barruraino sartu zitzaizkigun hiru eta lau ahotsetan kantatutako abesti zoragarri haiek. Aurreko atal batean Alex Gurrutxagak Jai alai kanta aukeratu duela jakinik, Jose de Olaizola hernaniarraren Agur Jaunak abesti ezaguna hautatu dut niretzat. Harmonizazioa gure aitarena da. Oraindik ere kanta hau entzun edo abesten dudan bakoitzean otxoteko ahotsak eta arreglo fin haiek datozkit gogora.



2. 60ko hamarkadan herrian antolatzen ziren jaialdietan haurren presentzia izatea egokitzat jo zuten Euskal Zaleak taldekoek. Haur batzuk bertso zaharrak kantatzen zituzten, beste batzuk ipuintxoak eta txisteak kontatu, eta azken batzuk abestera ausartzen ginen. Naya orkestrak laguntzen gintuen gainera. Arrakasta izango genuen nonbait, eta haur kantaz osaturiko lehen euskal diskoa izango zena grabatzeko aukera luzatu zien Luis Iriondo ekoizleak antolatzaileei. Xuaxolaneko Margarita Azpitarte, Txortengo Izaskun Etxabe eta Meltxorreneko Manu anaia gaztea eta ni izan ginen hautatuak eta Bartzelonara eraman gintuzten grabaketak egitera. Aur kantariak diskoan topatu daitekeen Bat eta bi kanta entzungo duzue. On Nemesio Etxanizen letra jostagarria du eta gure aitarena da musika. Anaiak kantatzen du, artean lau edo bost urte zituela.

 

3. Musika erromantikoa, barrokoa edota klasikoa jartzen zuen aitak sarritan salako Philips markako “tokadiskos” hartan. Eta garaiko musika ere bai tarteka. Bat-batean, igande goiz baketsuetan ingelesez kantatzen zuten gazte batzuen abestiak etxeko zirrikitu guztietara zabaltzen hasi ziren. Zer zen hura? Bai melodia atseginak. Ez genuen zer esaten zuten ulertzen. Beharrik ere ez. The Beatles laukotea zen.
Yesterday, Let it be, Michelle, Hey Jude eta beste kanta mordo bat gustuko nituen, eta ditut. Zerrenda honetarako MacCartney eta Lennonek sortutako If I Fell hautatu dut. Beatlesdarren ahotsak aski ezagunak direnez, MonaLisaTwins bikotearen bertsio hau aukeratu dut.

4. Ez dok amairu taldea gertutik ezagutzeko aukera izan nuen. Noiznahi pasatzen ziren gure etxetik Benito Lertxundi, Nemesio Etxaniz, Oskarbi taldekoak edo Julen Lekuona bezalako artistak. Frontoi Zinemako emanaldietan ikusi eta entzuten genituen baliabide handirik gabe plazaratzen ziren abeslari ausart haiek. Xabier Lete, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo eta beste abar luze bat ziren gure idoloak. Eta ni, lagunekin, lehenengo filan eserita, gero etxean, gitarraz jo ahal izateko erabiltzen zituzten akordeei bagira. Ez dok hamahiruren inguruan beste hainbat musikari animatu eta lanean jarri zen. Bolada hartako bikote bat ekarri nahi izan dut zerrendara. Josu eta Jokin lazkaotarrak dira. Nire herria bezala diskotik Muga bat eta bi zati kanta hautatu dut. Pedro Mari Otañoren bertso sakonei hobeto erreparatzeko Gabi de la Mazak karaoke bihurtutako bideoa ekarri dut.


5. Haurtzaroa eta gaztaroa atzean utziak ditut. Baina badut oraindik abesti berri zein zaharrak entzun eta kantatzeko grina. Bakarlari, bikote eta talde sorta zabala dugu zorionez gure Euskal Herri txiki honetan. Estilo ezberdinak jorratu eta gustu denak asetzeko moduko aukera eskaintzen digute. Huntza taldearen Olatu bat abestia hautatu dut serie hau amaitzeko. Josune Arakistainek abesten du Euskadiko Orkestraren babespean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide