Zarauzko Udalak eta Saharautz elkarteak zenbait ekitaldi antolatu dituzte Sahara Gara egitasmoaren barruan, Euskal Fondoaren eta Sahararren Aldeko Gipuzkoako Elkartearen laguntzarekin. Lehenengoari bihar emango diote hasiera, Sahara, 40 urteko exilioa erakusketaren irekierarekin. Merkatu plazako lehen solairuan paratuko dute, eta urriaren 21era arte izango da ikusteko aukera, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Larunbatetan eta jaiegunetan, gainera, eguerdian ere irekiko dute, 12:00etatik 14:00etara.
Herriko zenbait ikastetxetako DBH 3 eta 4ko ikasleek erakusketa ikusteko aukera izango dute, ikastorduetan. Bisita gidatuen bitartez, Mendebaldeko Sahararen egoera zein den eta sahararrak zein egoeratan bizi diren azalduko zaie, eta, gisa horretan, ezagutzera eman nahi zaie herriko neska-mutikoei hango errealitatea.