105 positibo izan dira azken orduetan Hego Euskal Herrian

Nerea Uranga 2021ko urr. 3a, 14:52

Guztira, 4.547 test egin dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta horietatik 105ek eman dute positibo; horrenbestez, gaur-gaurkoz positibotasun tasa %2,3koa da.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak koronabirusaren inguruan ateratako datuen azken txostenen arabera, 4.547 test diagnostiko egin zituzten atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Eta denera, 105 positibo atzeman zituzten atzo lau lurraldeetan; herenegun baino, hamahiru kasu gehiago. Positibotasun tasa ere igo egin da %2,3ra –Nafarroan positibotasuna %3,8koa da, eta %2koa beste hiru lurraldeetan–.

Lurraldeen arabera, bederatzi kasu positibo zenbatu zituzten atzo Araban, 28 Bizkaian, 30 Gipuzkoan, 33 Nafarroan, eta bost beste lurralde batzuetakoak. Herenegungo datuekin alderatuta, Bizkaian ez beste lurralde guztietan kasu positibo gehiago atzeman zituzten atzo.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz hamahiru pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren menpeko erietxeetan, COVID-19a duten 39 gaixo daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan. Nafarroan, berriz, 31 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin gaixotuta, eta horietatik zazpi  ZIUetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide