EAk kanporatze espedientea zabaldu die Mikel Goenaga eta beste hainbat alderdikide kritikori

Zarauzko Hitza 2021eko urriaren 3a

Mikel Goenaga, artxiboko irudian

Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentariak ostiral honetan salatu du EAren zuzendaritzak kanporatze espedientea abiatu duela bere aurka eta beste hainbat kideren aurka; tartean da Mikel Goenaga Zarauzko udal zinegotzia.

EAren zuzendaritzak alderdiko sektore kritikoa alderditik kanporatu nahi duela salatu du publikoki Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentariak, eta kanporatze espedientea zabaldu diela hainbat kideri. Tartean daude Ramirez bera eta Mikel Goenaga Zarauzko udal zinegotzia.

Aurrez, uztailean, EAko Begotxu Olaizola zinegotzi zarauztarrari ere ireki zion alderdiak zigortzeko prozedura, alderdiko kritikoen bozeramaile izateagatik.

Aspaldikoa da EAren barne borroka. 2019an, idazkari nagusia izendatzeko hauteskunde prozesuan, hiru hautagai aurkeztu ziren: tartean, Eba Blanco egungo idazkari nagusia eta Maiorga Ramirez.

Azken horrek beste biek baino abal gehiago aurkeztu zituen, baina estatutuen arabera lurraldeko gutxieneko kopuru bat eskatzen denez, zuzendaritzak erabaki zuen Ramirezen hautagaitza atzera botatzea, baldintzak ez zituela bete argudiatuta. Ondorioz, prozesu horren amaieran hautagai bakarra geratu zen, eta Blanco izendatu zuten idazkari nagusi. 

Hala ere, berme batzordeak erabakia bertan behera utzi zuen, eta izendapena eten zuen. Horregatik, auzitara jo zuen Blancok, eta azaroan, kautelazko neurri gisa, epaitegiak erabaki zuen haren izendapena etetea.

2020ko ekainean, epaiketa egin zuten, eta, uztailean, lehen auzialdiko epaitegiak ebatzi zuen primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetzea. Alta, sektore kritikoak epai horri helegitea jarri zion.

Aurtengo uztailean, Arabako Probintzia auzitegiak ebatzi zuen 2019ko primarioetan Maiorga Ramirez hautagaiaren eskubideak urratu zirela. Eta, aste honetan bertan, prentsaurrekoa eman du Ramirezek, eta esan du epai horrek agerian utzi duela bi urteko prozesu hartan "defizit demokratikoa" egon zela, eta zuzendaritzari eskatu dio ez dezala errekurtsorik jarri.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide