92 positibo zenbatu dituzte azken orduetan Hego Euskal Herrian

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 2a, 13:01

Gipuzkoan 25 positibo atzeman zituzten atzo egindako probetan, eta positibotasuna %1,3koa da gaur-gaurkoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 4.855 test diagnostiko egin zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 1.632, berriz, Nafarroan.  Guztira 92 izan ziren positiboak atzo Hego Euskal Herrian –Nafarroan positibotasuna %1,7koa da, eta %1,3koa beste hiru lurraldeetan–.

Herrialdeen arabera, 7 positibo zenbatu zituzten atzo Araban, 31 Bizkaian, 25 Gipuzkoan, 28 Nafarroan, eta 1 beste erkidego batzuetakoen artean.

Azken datu hauek joan den igandean plazaratutakoekin alderatzen badira, kasu kopuruak nahiz positibotasunak nabarmen egin dute behera, orduan Gipuzkoan 37 positibo atzeman baitzituzten, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasuna %2,5ean kokatuta baitzegoen.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 21 pertsona ospitaleratu ziren atzo Osakidetzaren eta Osasunbidearen menpeko erietxeetan, eta COVID-19a duten 44 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan, horietatik 36 Osakidetzaren eremuko ospitaleetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide