2022. urterako ordenantza fiskalei hasierako onespena eman zion Udalbatzak atzo arratsaldean eginiko osoko bilkuran. Udal Gobernuak Podemos-Equo-Berdeak udal taldearen babesa izan zuen; izan ere, ordenantzak lantzerakoan adostasun batzuetara iritsi dira, eta koalizioaren zenbait eskari txertatu dituzte horietan. Ez da horrela izan, ordea, EH Bilduren kasuan: udalbatzarrean, gainera, boto partikular bat ere aurkeztu zuten, baina ez zen aurrera atera. Ondorioz, eta ordenantzan jasotzen denarekin oro har ados egon arren, EH Bilduko zinegotziak abstenitu egin ziren.
Nolabait esateko, datorren urterako onartu dituztenak ordenantza "sozialak" eta "orekatuak" bezala izendatu dituzte, eta ekitatea dute oinarritzat. Jesus Arana Ogasun zinegotziak azpimarratutakoaren arabera, "Zarauzko Udalak duen babes sozialerako eskema osatu egin du: dirulaguntzak daude, eta orain tarifa sozialarekin, hobariak aplikatuz, eskema orokor bat lortu du".
Alde batetik, iaz pandemia zela-eta, zerga, tasa eta prezio publikoak izoztu bazituzten, oraingo honetan %1,4ko igoera orokorra planteatu dute. Era berean, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga %0,16tik %0,18ra igaroko da. "Azterketa orokorra egin dugu Zarautzen antzeko herrietan, eta konturatu gara karga tasa baxuena duen herria dela gurea", arrazoitu du Jesus Arana Ogasun zinegotziak.
Bestetik, tarifa soziala helburu, udal tasen eta prezio publikoen salbuespen eta hobariei buruzko araudi berria ezarriko dute. Aranaren esanetan, "Zarautz herri solidarioa da, eta, hala, diru sarrera baxuenak dituzten herritarrek hobariak izango dituzte". Tarifa sozialaren araudi berriaren hobariak %60etik %100era bitartekoak izango dira, eta kulturan, hezkuntzan, aisialdian, dibertsitate funtzionalean edota kirolean aplikatuko dira.
Gizarte Zerbitzuen Sailetik bultzatu dute araudi berria, baina hainbat departamendurekin elkarlanean landu dute. Horrekin batera, tarifa berria lortzeko tramitazio erraza eta erosoa bermatu nahi du udalak, eta horretarako, sistema informatiko berezi bati esker, alta eman bezain pronto emango zaie hobaria herritarrei.
Gainera, funtzionamendu administratibo bera erabiliko dute aurrerantzean Trakzio Mekanikoko Zergen kasuan ere. Tasa kalkulatzeko ez ezik, dagokion hobaria aplikatuko zaio alta emateko orduan, herritarrak berak eskatu gabe.
EH Bilduren boto partikularrari ezezkoa
2022ko ordenatza fiskalak bozkatu aurretik, EH Bilduk aurkeztutako boto partikularra izan zuten eztabaidagai atzoko bilkuran. Jon Arozena bilkideak adierazi zuenez, hainbat proposamen egin zizkion udal taldeak Udal Gobernuari azkenean ordenantzan txertatu ez direnak, baina etxebizitza hutsen ingurukoa mahai gainera ekarri nahi izan zuten kontuan hartzeko. Hiru ekarpen zehatz egin zituzten: bata, etxebizitza hutsen errekargua %100tik %150era igotzea; bigarrena, etxebizitzen alokairua bederatzi hilabete jarraian izatea gutxienez, bestela maizterrari errekargua aplikatzea, batik bat uda sasoian izaten diren etxe kaleratzeengatik; eta hirugarrena, etxe hutsa ez kontsideratzeko ezarrita dagoen gutxieneko 300 Kw-eko kontsumoa gutxiegi dela diote, eta 500 Kw proposatzen dute urtean.
Jaurlaritza etxe hutsen dekretu berria kaleratuko duela eta horretan jarriak dituztela begiak adierazi zuten Udal Gobernuko kideek. PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek, ostera, adierazi zuen EH Bilduren bigarren puntuarekin ados daudela, baina orain ez dela momentua errekarguak aldatzen hastekoa. Jesus Aranak gaineratu zuen errekarguari dagokionez beste herrietan ezarrita dagoenaren parekoa dela Zarauzkoa, eta 300 kw-eko kontsumoa Jaurlaritzak egindako estimazioaren berdintsua dela. Era berean, jatorria edozein izanda ere bigarren etxebizitza bat Zarautzen erosten duena "herriarentzat aberasgarria" dela azpimarratu zuen zinegotziak.
Boto partikularra ez zen aurrera atera EAJko hamar zinegotziren kontrako botoekin; EH Bilduko zortzi kideek baiezkoa eman zuten, eta PSE-EEko bi ordezkariak eta Podemos-Equo-Berdeak taldeko ordezkaria abstentitu egin ziren.