Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, atzo, osteguna, Urola Kosta eskualdean hiru kasu positibo zenbatu zituzten. Herenegun bezala, atzo ere Azpeitian hauteman zituzten eskualdeko kasu positibo bakarrak. Hiru kasu positibo baieztatuta ere, intzidentzia tasak behera egin du han; 170,83koa da egun tasa Azpeitia, eta eremu horian jarraituko du.
Eskualdeko gainerako herrietan, beraz, ez dute kasu positiborik atzeman. Era berean, intzidentzia tasek behera egin dute edo herenegungo zenbateko berean mantendu dira. Hala, modu honetan daude gaur-gaurkoz eskualdeko herrien intzidentzia tasak: Aian, 503,78; Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zero; Azkoitian, 83,45; Getarian, 35,34; Orion 32,62 –eremu berdean–; Zarautzen, 85,66 –eremu horian–; Zestoan, 102,72; eta Zumaian, 61,06 –eremu horian–.
ZIUak, egonkor
Pandemia nabarmen ari da moteltzen, eta horren adibide da, atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan 50 kasu positibo baino gutxiago zenbatu izana. Guztira, 137 kasu positibo baieztatu zituzten Osasun Sailak eta Osasunbideak; hamar Araban, 50 Bizkaian, 43 Gipuzkoan eta 32 Nafarroan. Halere, lau lurralde horietatik kanpo bizi diren bi lagunek ere eman zuten positibo. Hegoaldean 6.889 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta %1,9koa izan zen positibotasun tasa; hau da, proba egin zuten ehun lagunetatik ia bik eman zuten positibo.
Ospitaleetan ere ZIUn dauden gaixoen kopurua bere horretan mantendu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; egun, 37 lagun daude larri gaixorik. Osakidetzaren mendeko erietxeetan atzo 27 herritar ospitaleratu zituzten, eta gaur 95 dira ospitaleratuta daudenak. Nafarroan, aldiz, 35 lagun daude ospitaleratuta, eta zortzi ZIUn. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 70,83an kokatu da gaur, eremu horitik berdera igarotzetik hamar puntura.