Izena eman daiteke Hondartzako Futbol Txapelketan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urr. 1a, 08:42

Aurtengoan bai, pandemiaren aurretik bi igandean behin hartu ohi zuen itxura hartuko du berriro Zarauzko hondartzak. Azaroan hasiko da Hondartzako Futbol Txapelketa, eta izen ematea zabalik dago gaurtik aurrera.

Berriz jarriko dute martxan Hondartzako Futbol Txapelketa. Pandemia zela eta, iaz
bertan behera geratu zen 2019-2020 denboraldia. Udazken honetan, dena den, antolatzaileek berri onak dituzte jokalarientzat eta zaleentzat: azaroaren 7an, igandean, jokatuko dituzte 77. edizioko aurreneko partidak.

Urriaren 30ean 11:00etan elkartuko dira 2021-2022 denboraldian parte hartuko duten talde guztietako ordezkariak. Gaur ireki dute izen emate epea, eta urriaren 24a izango da horretarako azken eguna. Posta elektroniko bidez egin beharko da inskripzioa, antolakuntza@playeruak.eus helbidera mezu bat bidalita. Izan ere, aurten ez dute izen ematerik egingo Zarautz Kirol Elkartearen egoitzan.

260 euro ordaindu beharko ditu talde bakoitzak, kontu korronte honetara sartuta: ES17 3008 0181 30 3009408216 (Caja Rural de Navarra). Hainbat agiri ere aurkeztu beharko dira izena ematerakoan: jokalari guztien nortasun agirien fotokopia bana; taldeko ordezkariaren nortasun agiriaren fotokopia bat, posta elektronikoko helbidea eta telefono zenbakia; eta arbitro bat duten taldeen kasuan, haren izen-abizenak eta telefono zenbakia.

Nesken kasuan, gutxienez zortzi eta gehienez hemezortzi jokalari izango dira talde bakoitzean; mutilen kasuan, berriz, gutxienez 11 eta gehienez 22. Jokalarien eta ordezkarien fitxa guztiak ageri diren URL helbide bat helaraziko zaio talde bakoitzari, ZKEren zigiluarekin. Fitxak partidaro izan beharko dituzte eskura, modu digitalean edo inprimatuta. Denboraldian zehar jokalari berriak batu ahal izango dira taldera, baina jokatu baino astebete lehenago bidali beharko dira haien agiriak eta datuak lehen aipatutako helbide elektronikora.

Bestalde, jokalarien poltsa bat osatuko dute aurten ere, oraingoz talderik ez duten baina parte hartu nahi duten pertsonek izena eman dezaten. Jokalari horiek ere posta elektroniko bidez egin behar dute inskripzioa, urriaren 24a baino lehen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide