Ospakizun astea izango da Udaberri jubilatuen elkartean datorrena, Adinekoen Mahaiak antolatu duen 65+ astean murgilduta ibiliko baitira; baina heltzear den astetik harago ere hamaika jarduera antolatu ohi dituzte Zigordia kaleko eraikinean zein bertatik kanpo. Azken urte eta erdian zailtasun ugari izanagatik, Interneten erabileran sakonduta nahiz beste hainbat alternatiba baliatuta eutsi ahal izan diote jardunari elkartean.
Udako oporren ostean, irailaren erdialdean, hasi ziren martxa berrartzen jubilatuen elkarteko kideak. Bulegoa zabalik dute berriro elkartean bertan, astelehenetik asteazkenera bitartean, 10:00etatik 12:00etara, zalantzarik duten edo elkartearen inguruko argibideren bat behar duten herritarrei arreta eskaintzeko.
Horrez gain, argazki lehiaketara aurkeztutako irudiekin erakusketa osatu eta jarriko dute elkartean. Aurkeztutako argazki guztiak ikusgai jartzea «ezinezkoa» izan dela dela eta, aukeraketa egin behar izan dute.
Jarduera asko martxan dituzten arren, osasun egoera tarteko jarraitu beharreko hainbat neurri murriztaile indarrean daude oraindik ere. Hori horrela, zenbait jarduera «egokitu» egingo dituzte unean-unean.
Momentuz, 2021ean martxan jarritako tai chi, yoga –aurrez aurre nahiz online–, fitness, trikoterapia, laborterapia eta sormen ikastaroekin jarraituko dute. Iaz sei laguneko taldeetan egiten zituzten aurrez aurreko saioak, baina, neurriak apur bat malgutu direnez, orain hamar lagun elkartu daitezke gehienez. Elkartetik animatzeko deia egin diete parte hartzeko gogoz daudenei, jende gehiagok baitu orain horretarako aukera.
Pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, ekainean jarri zuten martxan bingoa berriro. Udan atseden hartuta, abian dira berriro herritar ugari erakartzen dituzten bingo saioak irailaren 20az geroztik. Horietako edukiera ere mugatua da, eta izena emanda daudenek soilik dute parte hartzeko aukera, oraingoz. Billarrean aritzeko aukera ere badago Udaberri elkartean.
Jarduera gehienak abian badira ere, Udaberri abesbatzak oraindik ez du berrartu martxa. Jakinarazi dutenez, Labi batzordearen jarraibideei adi egongo dira aurrerapauso gehiago emateko. Horrez gain, Kanaria uharteetara bidaia antolatu dute azarorako, eta oraindik aukera dago izena emateko. Azaroaren 5etik 14ra izango da bidaia. Argibide gehiagorako, elkartearen atari digitala bisitatu edo bulegora jo daiteke.
Aldizkari digitala
Elkartearen jardueraren berri sarriago izan nahi duenak horretarako aukera du Udaberriren aldizkaria irakurrita. Elkarteko bazkide diren Juanjo San Sebastian eta Carmen Sanchez arduratzen dira aldizkari digitala zuzentzeaz eta diseinatzeaz, eta hilero plazaratu ohi dute euskarri digitalean 24 orri inguruko argitalpena.
Besteak beste, elkartearen jardunaren berri ematen dute bertan, eta irakurleen interesekoak izan daitezkeen hainbat artikulu ere txertatzen dituzte; bai euskaraz, bai gazteleraz. Aldizkariaren arduradunek bazkideak beren ekarpenak egitera animatu dituzte, «gustura» jasotzen baitituzte.
Informatika klaseak
Aipatutako guztiaz gain, urriaren 13tik aurrera informatikan trebatu ahal izateko klaseak jasotzeko aukera ere izango dute Udaberri jubilatuen elkarteko bazkideek. La Caixa fundazioak eta Zarauzko Udalak duten hitzarmen bati esker, Ciberaula izeneko proiektuaz baiatu daitezke jubiatu eta pentsionistak. Ikastaroak doakoak dira, astelehenetik ostegunera, goizez.
Datozen hiru hilabeteetan ikastaro hauek jasotzeko aukera izango da: Internet bidezko tramiteak (20 ordu); Whatsapp (8 ordu); Facebook (8 ordu); eta Bideo konferentzia (12 ordu).
Izena eman nahi dutenek edota informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, Udaberriko bulegora jo dezakete, astelehenetik asteazkenera, 10:00etatik 12:00etara.