'Udazken koloreak Zarautzen' argazki lehiaketa antolatu dute

Aritz Mutiozabal 2021eko irailaren 30a

Instagram bidez parte hartu beharko da Turismo Departamentuak eta Zurekinek abian jarri duten egitasmoan. Erabiltzaileek bihartik azaroaren 7a bitartean aurkeztu ditzakete beraien irudiak.

Zarauzko Udaleko Turismo, Jai eta Ekitaldien Departamentuak, Zurekin ostalarien  elkartearekin lankidetzan, Instagram bidez parte hartzeko Udazken koloreak Zarautzen argazki lehiaketa antolatu du. Landu beharreko gaia lehiaketako izenburuko bera da, eta erabiltzaileek herriko kale, plaza eta txoko gustukoenei buruzko irudiak partekatu beharko dituzte, #udazkenkoloreakzarautzen traola gehituta argazkien oinean edo lehen iruzkinean.  

Era berean, @zarautzturismo eta @zurekinelkartea profilen jarraitzaile izan beharko dute parte hartzaileek, eta gehienez 3 argazki aurkeztu ahalko dituzte epe barruan. Lehiaketa urriaren 1ean jarriko da indarrean, eta azaroaren 7ra arte iraungo du. 18 urtetik gorako eta sare horren baldintzak errespetatzen dituzten Instagram aplikazio  mugikorraren erabiltzaile guztiek parte hartu ahal izango dute. Lehiakidearen profilak publikoa izan behar du betiere.

Turismo Saileko eta Zurekineko ordezkariek aukeratuko dituzte argazki irabazleak, eta  balorazioa egiterakoan kontua hartuko dituzte kalitatea, sormena,  originaltasuna eta proposatutako gaiarekin duen lotura-maila. Erabakia azaroaren 12an partekatuko dute sare sozialetan.   Bi sari banatuko dituzte: lehena 150 euroko izango da, Turismo Departamentuak emango duena, eta bigarrena, Zurekin sari berezia, Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteko ostatuetako batean gau bat bi  pertsonentzat.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide