Pedro Gaztañaga ordiziarraren Punctum margo erakusketa irekiko dute ostegun arratsaldean, 18:00etan, Torre Luzeako aretoan. Erakusketa hiru zatitan banatuta dago, The Real Gentleman's Club, She saved The World Today eta Komorebi izenekoetan. Formatu handiko koadroak dira, eta teknika mistoa erabili du horietan; hau da, pintura akrilikoak eta olio-pinturak.
“Figuraziotik eta errealismotik irten gabe, abstrakzioaren mugetan jolastea gustatzen zait, hondo koloretsu eta abstraktuak subjektu hutsalen aurka joz”, dio Gaztañagak. “Erretratu sorta hau lerro sendo baina keinuzkoekin lantzen ari naiz forma zehatzak sortzeko. Testu-arreta berdina eskaintzen diet pinturaren arlo guztiei, ikuslearen arreta erakartzen baitu xehetasun bakoitzera, eta eredu bakoitza testuinguru-multzo bakar batean kokatzen baitu".
Artistaren esanetan, iraganeko memoria, pertsona edo emozioetara igortzen duen irudi bat ikustean hartzailearen bihotza zeharkatzen duen "ziztada bat bezala da" Punctum-a. "Irudi baten elementu hau itxuraz garrantzirik gabea da, baina erreakzio emozional bizia eragiten du. Iruditik salto egiten duen zerbait da, behatzailearen mundu emozionala indarrez astintzeko”, nabarmendu du.
Erakusketa irailaren 30etik urriaren 24ra arte egongo da ikusgai, egunero eta doako sarrerarekin, 18:00etatik 20:00etarako