EH Bilduren Tokiko Mahai Politikotik kanpo geratu izana aztertzeko batzarra egin zuen Zarauzko EAk aurreko asteazkenean, Alkartetxean. Bertaratu ziren herritar guztiek aho batez onartu zuten gaiaren inguruan EAren jarrera eta iritzia jasotzen dituen adierazpena.
Alderdiak plazaratu duen testu horrek dio Tokiko Mahai Politikoan parte hartzea "debekatu" izanak "zatitu" egiten duela koalizioa, eta "akats larri" gisa izendatu dute. Dena den, EA osatzen duten herritarrek ez dutela "ilusioa galduko" dio adierazpenak, eta "proiektu inklusibo, anitz, ezkertiar eta independentistaren alde lanean" jarraituko dutela.
«Borondate kontua»
Zarauzko EH Bilduk besterik uste badu ere, EAk azaldu du bere aburuz koalizioaren 2017ko estatutuek ez dutela mugatzen "hura osatzen duten alderdi politikoen ordezkariek tokiko mahai politikoetan parte hartzea", alderdiaren iritziz, "gutxieneko osaerak zein izan behar duen adierazten duelako, besterik ez". EAk gaineratu du estatutuek udalerri bakoitzari "bere burua egituratzeko autonomia" ematen diotela, eta EA kanpoan geratu izana "borondate politiko" kontua dela.
"Zarauzko Eusko Alkartasuna gure udalerriko politikan erakunde aktiboa da, eta hala izaten jarraituko du", dio adierazpenak. Hori horrela, alderdiak ondorioztatu du aurrerantzean "formula berriak" bilatuko dituela beren "mezua eta proiektu politikoa bistaratzeko".