Tarifa soziala eta ordenantza fiskalak hizpide izango dituzte osteguneko udalbatzarrean

Amaia Urbieta Arruti 2021eko irailaren 27a

Diru sarrera baxuenak dituzten herritarrek hainbat zerbitzutan "hobari garrantzitsuak" izatea proposatuko du Udal Gobernuak osteguneko udalbatzarrean.

Iraileko ohiko osoko bilkura egingo dute udal taldeek ostegun honetan, hilaren 30ean. Jakitera eman duenez, Udal Gobernuak Udal Tasen eta Prezio  Publikoen Salbuespen eta Hobariei buruzko araudi berria aurkeztuko du. Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak azaldu du araudi horren bidez "diru sarrera baxuenak dituzten herritarrek hobari garrantzitsuak" izango dituztela hainbat zerbitzutan. Hain zuzen, tarifa sozial berriaren hobariak %50etik %100era bitartekoak izango dira kulturan, hezkuntzan, aisialdian, dibertsitate funtzionalean edota kirolean.

Araudi berria mahai gainean jartzea Gizarte Zerbitzuen Sailetik bultzatu den arren, Aranak nabarmendu du beste hainbat departamendurekin "elkarlanean" landu dutela. "Gizarte Politikak zeharka garatu behar dira. Aipagarria da departamendu guztietatik jaso dugun kolaborazioa tarifa sozial berri hau lantzeko", azaldu du zinegotziak.

Araudia bera lantzeaz gain, tarifa berriaren tramitazioa herritarrentzat "erosoa eta azkarra" izatea bermatu nahi du Udal Gobernuak. "Eskaera orria beteta nahikoa izatea nahi dugu. Horretarako, aplikazio informatiko berezi bat garatuko dugu eta instituzioen arteko elkarreragina bermatuko duen sistema erabiliko da, NISAE izenekoa", zehaztu du Aranak.

 

Ordenantza fiskalak

Tarifa soziala mahai gainean jartzeaz gain, osteguneko udalbatzarrean adostuko dira 2022ko ordenantza fiskalak behin-behinean. Udal Gobernuak ez du aurreratu oraingoz zein izango den zehazki plenora eramango duen proposamena, baina Aranak honakoa azaldu du prentsa ohar bidez: "Aurtengo Ordenantza Fiskaletan ekitatearen bidetik oinarriak finkatzen ditugu eta, datozen urteetan, tarifa sozialaren kontzeptua beste zerga, tasa eta prezio publikoetara zabaltzeko asmoa dugu".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide