Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren Osasun sailek jakinarazi dutenez, azken orduetan 121 kasu positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Hain justu, 49 kasu izan dira Bizkaian, 37 Gipuzkoan, hamasei Nafarroan, hamabost Araban eta beste lau lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Bihar jakinaraziko dute zenbat kasu baieztatu dituzten udalerri bakoitzean ostiraletik igandera bitartean.
Positibotasun tasak zertxobait gora egin du asteburuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %1,9tik %2,6ra igo zen ostiraleko probetan, eta atzo egindakoetan, berriz, %2,5ekoa izan zen. Nafarroan ere pixka bat igo da ehunekoa, positibotasun tasa %1,3koa izan baitzen ostiralean, eta %1,8koa atzo.
Dena den, azken asteetan nabarmen egin du behera Hego Euskal Herrian atzemandako kasu positiboen kopuruak. 241 izan ziren duela bi aste, 132 duela aste bat, eta 121 atzo.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak azaldu du hamahiru ospitaleratze berri izan zirela atzo Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan. Ostiralean, COVID-19ak jotako 46 pertsona zeuden ZIUetan ospitaleratuta, eta azkeneko datuen arabera, 40 dira gaur-gaurkoz.