Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuen arabera, atzo 11 kasu positibo zenbatu zituzten Urola Kostan. Herenegun izandakoekin alderatuta, lau kasu gehiago dira. Azkotian eta Zarautzen detektatu zituzten atzo kasu gehien. Urola erdiko herrian beste lau kasu izan ziren asteartean. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak, hala ere, behera egin du Azkoitian: bezperako 191,94ko tasatik, 183,59ra jaitsi da. Zarautzen, aldiz, hiru positibo zenbatu zituzten atzo. Kostaldeko herrian ere behera egin du intzidentzia tasak, 132,78tik 124,21era
Beste lau positiboak Azpeitian (2), Orion (1) eta Zumaian (1) atzeman zituzten. Azpeitian eta Zumaian bezperako tasa bera dute –236,53 Azpeitian, 111,94 Zumaian–; Orion, ordea, behera egin du kasu metatuen tasak, 130,46ko tasatik 114,16ra. Eskualdeko beste herrietan ez zuten atzo kasu positiborik izan.
Eskualdean bezala, Hego Euskal Herrian ere gora egin du positiboen kopuruak. 155 kasu berri izan ziren atzo, astelehenean baino hamar gehiago. Araban 26 kasu izan ziren, 63 Bizkaian, 40 Gipuzkoan eta 25 Nafarroan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi den lagun batek ere positibo eman zuen atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %1,9ko positibotasun tasa dute –4.381 proba egin zituzten atzo–; Nafarroan, aldiz, 1.854 proba eginda, tasa %1,3koa da.
Ospitaleratuei dagokionez, Osakidetzaren menpeko erietxeetan 110 lagun daude ospitaleratuta; atzo beste 26 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19arekin lotutako gaixotasunekin. 49 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaletako ZIUetan, bezperan baino bat gutxiago. Nafarroan, berriz, 46 lagun daude ospitaleratua, hamahiru ZIUetan.