Zarauzko Eusko Alkartasunak berriki jakin du Zarauzko EH Bilduko ordezkarien ahotik Eusko Alkartasuna Tokiko Mahai Politikotik "kanporatu" dutela. Hori dela eta, EAko tokiko exekutiboak, premiazko bilera batean bildurik, Tokiko Batzar berezi baterako deia egin du. Batzarra gaurko deitu dute, 19:00etan hasita, Alkartetxean. Bertan egoera berriaren aurrean eman beharreko pausoak eztabaidatuko dituzte alderdiko afiliatuekin eta jarraitzaileekin.
EH Bilduren estatutuetan aldaketa egon da eta, horren arabera, aurrerantzean alderdi politikoen ordezkaririk ez da egongo Tokiko Mahai Politikoetan. "Egia esan, 2017an onartu ziren estatutuetatik 2021ean onartu diren hauetara, herriaren antolakuntzari dagozkion artikuluak, ez dira aldatu. Hitzez hitz, 2017koak eta 2021koak berdinak dira", adierazi du koalizioaren barruan den EAren zinegotzi Mikel Goenagak.
2017tik beste irakurketa bat egiten zela gogora ekarri du Goenagak, "askoz ere malguagoa" zena, eta eraketa egiterako orduan "herriari nolabaiteko autonomia" onartzen zitzaiona. "Orain, dirudienez norbaitek erabaki du ez dela posible mahai politikoan martxan jartzea herri mailan adostuta geneukana. Horrek ezinegon garrantzitsua sortu du herrian, Zarautzen baduelako jarduera politikoa", zehaztu du EAko kideak.
Jarduera «murriztua»
Orain, EAren ordezkaritza EH Bilduren mahai politikotik kanpo geratu denean, beraien jarduera politikoa "oso murriztua" geratu dela kexatu da Goenaga zinegotzia. Bere esanetan, "gaur egun, nolabaiteko lotura hori, alderdiaren eta koalizioaren arteko harreman hori, moztuta geratu da. Hor dago pixka bat arazoa".
Edonola ere, udaleko zinegotzi ardurak mantendu egingo dituztela azpimarratu du. "Kontua da EA herrietan antolatuta dagoen mahai politiko horretatik kanpo utzi dutela, baita Sortu ere. Baina guk EAren izenean hitz egiten dugu, Sorturi ez baitzaio horrenbeste inporta hor gelditu izana. Guri, aldiz, noski iruditzen zaigula garrantzitsua, bertan parte hartze hori edukita. Horrek zer eragin daukan udal taldean? Momentuz, ez luke eragin zuzenik izan beharko. Guk bertan lanean jarraituko dugu, baina ikusi beharko dugu batzarrak zer erabakitzen duen, zer gertatuko den hemendik aurrera eta abar. Hor dago honen guztiaren gakoa", arrazoitu du.
Egoerari buruzko balorazio zehatzagoa gaurko batzarrean afiliatuekin eta jarraitzaileekin hitz egin ondoren emango dutela jakitera eman du Goenagak.