Emakumeen* Etxeak ateak irekiko ditu asteburuetan zaintza lanetan aritzen direnentzat

Aritz Mutiozabal 2021eko irailaren 18a

Gloria Vazquez , Sheila Bouzas eta Iratxe Zorrozua, Emakumeen* Etxean. (Aritz Mutiozabal)

Gaurtik aurrera, Lahar elkarteko bi langilek harrera egin eta laguntza emango diete Emakumeen* Etxera bertaratzen direnei. "Arnasgune" eta "babesgune" bat izan nahi du, eta larunbat, igande eta jaiegunetan egongo da irekita, 16:00etatik 20:00etara. 

Zarauzko Udaleko Immigrazio eta Parekidetasun departamentuek elkarlanean programa berri bat jarri dute abian, bereziki zaintza lanetan aritzen diren emakumeentzat. Astean zehar, duten lan ordutegia dela medio, Emakumeen* Etxeko zerbitzuak ezin izaten dituzte erabili. Horrenbestez, gaurtik hasita, eskaintza zabalduko dute, eta asteburu eta jaiegun arratsaldetan ateak irekiko dituzte batik bat haientzat. "Etxe honetara gerturatzeak herrian integratzen lagunduko diela uste dugu, herriko baliabideak ezagutzen eta harreman sareak sortzen joan ahala", azaldu du Gloria Vazquez Prekidetasun zinegotziak.

Zarauzko Emakumeen* Etxea "emakume guztien etxea" dela azpimarratu du, bakoitzaren adina, pentsakera, sineskera edota jatorria edozein izanda ere. Horrexegatik, egoera horretan dauden emakumeei lasai bertaratzeko gonbita luzatu die: "Adierazi nahi diegu hemen beraien aisialdi orduak igarotzeko lekua dutela, giro lasai eta goxoan, lana egiten duten eta bizi diren etxebizitzatik kanpo".

Zaintza lanetan aritzen diren emakumeen lan baldintzak askotan ez direla "batere onak" izaten adierazi du Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak: "Gainera, leku berean lan eta bizi behar izateak egoera itogarrietara eramaten ditu". Hori horrela, "esparru honetan arnasgune bat eta babesgune bat eskaini nahi diegu, beraien ordu libre apurreten egoteko leku lasai eta atsegin bat”, gaineratu du Zorrozuak.

Harrera egin eta lagundu

Lahar elkarteko Sheila Bouzas psikologoa eta Eider Martinez gizarte langilea arduratuko dira zerbitzuaz, eta txandaka ariko dira bertaratuko diren bizilagunei harrera egin eta behar duten laguntza ematen. Larunbat, igande eta jaiegunetan eskainiko dute zerbitzua, 16:00etatik 20:00etara. "Oso garrantzitsua da etorriko diren emakumeen beharrak, nahiak eta interesak ondo ezagutzea. Behin horiek ondo ezagututa, hainbat gauza egin ditzakegu: solasaldiak eta txoko ezberdinak sortu. Azkenean, edozer partekatu dezakegun espazio seguru bat sortu nahi dugu", azaldu du Bouzasek.

Parekidetasun zinegotziak nabarmendu du ekimen honekin aurrerapauso bat eman nahi izan dutela, "emakumeeen ahalduntze prozesua bultzatzeko eta bizi balditzak hobetzeko". Bide batez, jakitera eman du beste emakume etxeetan oraindik ez dutela halakorik garatu eta, alde horretatik, Zarauzkoa aitzindaria dela. "Espero dugu beste herrietara ere zabaltzea".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide