Zigor luzeen eta salbuespen legediaren aurka manifestazioa egitekoa zen Sare presoen aldeko plataforma bihar Arrasaten (Gipuzkoa), baina gaur goizean egin duen agerraldian jakitera eman duenez, plataformak martxa bertan behera uztea erabaki du, “konfrontazio espaziorik ez elikatzeko”. Horren ordez, plazaz plaza elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak, bizi osorako zigorren aurka eta giza eskubideen, elkarbizitzaren eta konponbidearen alde egiteko. Izan ere, goizeko agerraldian Sareko bozeramaileek adierazi dute biharko deitutako manifestazioaren harira “presio izendaezina” jasan dutela Arrasaten euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten pertsonek. Hori dela eta, ohartarazi dute ez dietela “konfrontaziorako aukerarik” eman nahi “ultraeskuinaren aldarriak aintzat hartuta Arrasatera liskarrak eragitera etortzeko asmoa” zutenei.
Beste hamaika herritan bezala, Zarautzen ere izango da bihar elkarretaratzea. 13:00etan jarri dute hitzordua, Lege Zaharren enparantzan.