Zer behar du hiztegi batek ona izateko?
Elhuyarren kasuan, esango nuke haren arrakasta izan dela garaian garaiko egoera berrietara egokitzen jakitea. Batik bat, teknologietan murgildu delako. Lehen edizioaren atzetik iritsi ziren hurrengoak, esaterako, CD-ROM batekin batera zetozen, eta 2013an, berriz, webgunera jauzi egiteko prest egon ginen. Horrek jarrera bat islatzen du, eta, orain egin dugun berritzearekin, etengabeko aldaketa horri jarraipena eman nahi izan diogu. Diseinu erakargarriago bat eman diogu, baita hiztegiari loturiko beste zenbait zerbitzu txertatu ere, egungo errealitate eta erabileretara egokitzen jarraitu dezan.
Orain arteko ibilbidea teknologiaren eskutik egin du, beraz.
Urteurrenaren harira, lantaldean iraganera begira jarri gara, eta, besteak beste, ikusi dugu nola lehenengo edizioan zuzenketak paperean egiten ziren. Eta gogoratu dugu nola sortu genuen datu base bat hiztegia egituratu eta gero hortik abiatzeko. Beraz, teknologia hasieratik izan dugu lagun. Eta ez dugu ahaztu behar, gainera, Elhuyar hiztegia erabilia izan zela Euskal Herrian itzulpen automatikoarekin egin ziren lehen lanetarako; hizkuntza teknologietan ere erreferentziazkoa dela erakutsi du.