Zarauzko emakumezkoak Euskal Ligari ekiteko prest

Amaia Urbieta Arruti 2021eko irailaren 17a

Aurten baja asko izan dute taldean, eta jokalari gazteekin osatu dute multzoa. Edonola ere, denboraldi berrian emaitza onak lortzen saiatuko dira; bihar bertan izango dute lehen norgehiagoka.

Euskal Liga hasiko du bihar emakumezkoen Zarauzko talde nagusiak. Goierri Gorri taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, Astiko zelai artifizialean, 15:30ean hasita.

Marta Aranburu kapitainak azaldu du aurtengo taldean, iazkoarekin alderatuta, jokalari gazte ugari daudela. Bajak izan dituzte, eta gazte askok egin dute bat talde nagusiarekin. 15-20 urte bitarteko jokalariak dira taldekideetako asko, eta Aranburu da zaharrena, 30 urterekin.

Iaz denboraldi ona egin zuen Zarautzek, eta Aranburuk nabarmendu du zeukaten taldeko giroa zela, batez ere, beren punturik indartsuena. “Aldageletako giroak eragin handia dauka futbolean aritzerakoan”, zehaztu du zarauztarrak. 2021-2022 sasoiari begira, jokalari berri asko daudenez, zalantza dauka zer gertatuko den. “Lan asko dago egiteko, baina saiatuko gara gauzak ahalik eta ondoen egiten eta emaitza onak lortzen”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide