Herenegun, hilaren 15ean, amaitu zen hondartza denboraldia Zarautzen. Aurrerantzean ez da sorospen zerbitzurik izango , ezta edukiera kontrolatzeko sarrera-irteerarik ere. Udaleko Hiri Segurtasuneko eta Zerbitzuetako Sailak jakinarazi duenez, "udaldi lasaia" izan da igaro berri dena. "Sorospen zerbitzuek hainbat kasu artatu dituzte, baina, zorionez, ez dugu kasu larririk izan", jakinarazi du Iban San Martin zinegotzi arduradunak. Sorospen zerbitzuaz arduratzen den BPXport enpresaren arabera, 88 lagun erreskatatu dituzte hondartzan, eta bestelako 261 artatze lan egin dituzte aurtengo denboraldian. Iazko datuak baino nabarmen baxuagoak dira aurtengoak, izan ere, 133 pertsona erreskatatu zituzten iaz, eta bestelako 431 esku hartze egin zituzten.
Aurtengo erreskateen artean gertaturiko kasurik esanguratsuena arroketatik kanpinera igotzen ari zela trabaturik geratutako pertsonarena izan da. Erreskaterako hondartzako sorosle, Udaltzaingo, Suhiltzaile eta Ertzaintzaren arteko koordinazio lana beharrezkoa izan zen, eta, azkenik, Ertzaintzaren helikopteroak gauzatu zuen erreskatea.
San Martinek gaineratu du edukiera kontrola neurtzeko sistemaren erabilera "ezinbestekoa" izan dela bigarren urtez, "hondartzako erabiltzaileen osasuna bermatzeko". Gaineratu du marea goian egon den uneetan hainbat sarbide itxi behar izan direla, baina jendeak hondartzan lekua lortu ahal izan duela oraindik irekita zeuden sarbideetatik. "Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet uda guztian zehar izan duten errespetuzko jarreragatik eta une oro gizalegez jokatzeagatik hondartzan eta bere inguruetan", amaitu du zinegotziak.