Jasangarri mugitzearen alde

Amaia Urbieta Arruti 2021eko irailaren 17a

Iker Basurko, Unai EgaƱa eta Igor Makazaga. (Aritz Mutiozabal)

Europako Mugikortasun Astearen harira, errepidean bizikletaz ibiltzeko gaitasunak probatzeko testa egin ahalko da. Autorik gabeko eguna egingo dute aurten ere.

Atzo hasi zen Europako Mugikortasunaren Astea, eta ohiko moduan, Zarautzen hainbat ekitaldi nahiz ekimen egingo dituzte egunotan, Europako lan lerroekin bat eginda. Horien berri eman zuten asteazken goizean Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak eta Unai Egaña eta Igor Makazaga udaltzainek.

Egañak zehaztu zuenez, aste honetan hainbat ekintza zehatz egingo dituzte, baina urtean zehar martxan izango dituzte gaiari lotutako hainbat egitasmo ere. Mugitu jasangarri, izan osasuntsu da aurtengo leloa, eta jasangarritasuna, osasuna eta segurtasuna ditu ardatz.

Autorik gabeko egun ofiziala hilaren 22a izango da, baina asteazkena egokitzen denez, 25ean eta 26an egingo dute kale mozketa. Zigordia eta Salegi kaleak eta tren geltoki ingurua moztuko dituzte ibilgailuentzat. Egun horren helburua kotxeak kentzea soilik ez dela nabarmendu zuen Egañak, baizik eta kale horiei "bizitza ematea". Horretarako, hainbat gune prestatuko dituzte zonalde horretan Murkilekin.


Txirrindulariak aztergai

Makazaga udaltzainak ikastetxeei eskerrak ematen hasi zuen bere hitzartzea, eman beharreko tailer eta ikastaroak normaltasunez eskaintzeko aukera izan dutelako. Gaineratu zuen aurten "aukera potente»" bati heldu diotela, eta bizikletan ibiltzen den jendeak errepidean ibiltzeko duen gaitasuna neurtzen duen test bat egin dutela Zarauzko ikastetxeetan. "Beti esan izan dugu, hemen bizikletaren erabilera sustatzea baino, daukagun erabilera hori kudeatzea dela erronka", azaldu du udaltzainak. LH 5etik DBH 4ra bitarteko ikasleek egin dute testa, eta Makazagak nabarmendu du %90ek erraz gainditu dutela proba.

"Badakigu adin horretakoak bakarrik ibiltzen direla kalean; bizikleta edozein ordutan erabiltzen dute, errepidea hartu beharra2daukate horretarako, eta hori bultzatu behar dugu, baina bultzatu behar ditugu horretarako gaitasuna eta jarrera ere". Horregatik, test hori egitea oso "inportantea" izan da Makazagaren aburuz, "askotan kuestionatzen delako gazteek duten ahalmena errepidean bizikletaz ibiltzeko".

Gazteen gaitasuna frogatu ondoren, gainontzeko herritarren txanda da orain. Hala nahi duenak, bihar bertan edukiko du test hori egiteko aukera malekoian, Galtxagorri elkartearen parean, 12:00etatik 13:30era. Horretarako, bizikletaz egin beharreko zirkuitu bat egokituko dute gune horretan. Bizikleta ere bertan egongo da, eta bi gurpilen gainean hainbat maniobra eginez, oreka eta bestelako gaitasunak frogatu beharko dituzte testa egiten dutenek. Herritar orori luzatu die egiteko gonbita Makazagak. "Interesgarria iruditzen zaigu hau zabaltzea edonori", zehaztu du.

Bestalde, Batxilergoko gazteekin izaten duten arazoaz ere aritu da udaltzaina. «Ilunpean joaten dira eskolara goizetan urri inguruan, eta bizikleta horiek ez dira ikusten». Kontzientziazio kanpaina egiten ari dira gazte horiekin segurtasuna lantzeko, eta 600 argi banatu dituzte. "Izan ere, gazteek beraiek bidea ikustea baino, gainontzeko ibilgailuek bizikletak ikustea da argien funtzioa". Banatu dituzten argiak erraz kendu eta jartzen direla ere zehaztu du Makazagak.

Eskolabideetara itzulera

Bertan behera laga behar izan zuten eskolabideen ekimena iaz COVID-19a tarteko, baina aurten berrartuko dute. "Iaz osasun protokoloekin ez zetorren bat, baina aurten egoera hobetzen doala ikusi dugu, eta kanpo espazioetan arauak malgutu direnez, martxan jartzea erabaki dugu", zehaztu zuen Egañak.

Hala, eskola bakoitzera joateko elkarguneak jarriko dituzte egunotan, eta haurrak autonomiaz eta segurtasunez eskolara joan ahal izateko egitasmoa martxan izango da berriz. Berrikuntza gisa, seinaleetan QR kodeak jarriko dituzte, mapa guztiak digitalki ikusi ahal izateko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide