Bost positibo berri zenbatu dituzte Zarautzen

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 16a, 13:11

Koska bat gora egin du intzidentzia tasak Zarautzen azken positiboen ondorioz: 119,93tik 132,78ra igo da.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo 11 positibo atzeman zituzten eskualdean; herenegun baino sei gutxiago. Azpeitian eta Zarautzen bosna kasu baieztatu dituzte, eta bestea, Aian. Ondorioz, hiru herri horietan koska bat gora egin du intzidentzia tasak: Azpeitian 216,82tik 223,39ra; Zarautzen 119,93tik 132,78ra; eta Aian 705,97tik 906,80ra. Dena dela, eremu horian jarraitzen dute Azpeitiak eta Zarautzek, eta koloreen eskematik kanpo Aiak, 5.000 biztanle baino gutxiago dituelako.

Eskualdeko gainontzeko herrietan, lasaitasuna nagusi, azken orduetan ez baitute positiborik atzeman. Horrenbestez, lehengoan jarraitu dute edo zertxobait jaitsi egin da horietako intzidentzia tasak. 5.000 biztanletik gorako herri guztiak eremu horian daude; Azkoitian 223,66ko tasarekin, Orion 130,34koarekin eta Zumaian 142,46koarekin. 

Egoera, egonkor

Hego Euskal Herrian, berriz, koronabirusa atzemateko 7.668 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 264k eman zuten positibo; %3k baino zertxobait gehiagok. Herenegun baino 24 positibo gehiago diren arren, egoerak nahiko bare jarraitzen du. Lurraldeka, Bizkaian baieztatu dituzte kasu berri gehien: 131. Gipuzkoan 64 izan dira, Nafarroan 49 eta Araban hemezortzi.

Erietxeetako egoerak ez du gorabehera handirik izan. Uneotan COVID-19ak jotako 218 lagun daude Osakidetzaren mendeko zentroetan, horietatik 52 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 40 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta Nafarroan bat bera ere ez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide