Lau kasu positibo baieztatu dituzte asteburuan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 13a, 14:00

Intzidentzia tasa 94,23an dago herrian, eta eremu horian jarraitzen du oraingoz.

Azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta txostenaren arabera, 22 kasu positibo baieztatu dituzte Urola Kosta eskualdean. Aurreko asteburuan hamabost kasu izan ziren; zazpi gutxiago.

Azken hiru egunetan sei lagunek eman dute positibo Azpeitian —bik ostiralean eta lauk larunbatean—, bostek Aian —hiruk ostiralean eta bik larunbatean—, eta launak Zarautzen —batek ostiralean eta hiruk atzo— nahiz Azkoitian —binak ostiralean eta atzo—. Orion, Zestoan eta Zumaian, berriz, kasu bana atzeman dute asteburuan; larunbatean Orioren eta Zestoaren kasuan, eta ostiralean Zumaian.

Gaur egun Aia da, eskualdeko udalerrien artean, intzidentzia tasarik altuena duena: 251,89an dago asteburuko emaitzen ostean. 5.000 biztanletik gorako herrien artean, ordea, Azkoitiak du tasarik altuena, 225,32koa. Hala ere, zenbatekoak behera egin du ostiraletik Azkoitian, 242,01an baitzegoen osteguneko datuak kontuan hartuta. Urola Kostan Azpeitia da kasu metatuen tasarik altuena duen hirugarren herria, baina ostiraletik hona berdin mantendu da, 203,68an. Gertutik jarraitzen dio Zumaiak, 172,99ko intzidentzia tasarekin —jaitsi egin da ostiraletik, 193,34an baitzegoen egun horretan—, eta Zestoa da eskualdean tasarik altuena duen bosgarren udalerria; 179,76koa —berdin mantendu da ostiraletik—.

Orion 81,54tik 97,85ra igo da tasa ostiraletik, eta Zarautzen, berriz, 94,23an jarraitzen du. Getarian beheranzko joerari eusten dio tasak, eta 35,34an dago gaur egun. Beizaman hutsean dago oraindik, baina berrikuntza modura, Aizarnazabalen eta Errezilen ere hutsean jarri da tasa asteburua eta gero.

Atzo, igandean, 158 kasu positibo detektatu zituzten Hego Euskal Herrian —240 izan ziren aurreko igandean, irailaren 5ean—; hain justu, 61 Bizkaian, 40 Gipuzkoan, 39 Nafarroan, hamazazpi Araban eta bat lau lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Proba egindakoen %3,2k eman zuten positibo atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beraz, positibotasun tasak nabarmen egin du behera: %5,1ekoa izan zen osteguneko probetan. Nafarroan, baina, igo egin da positibotasun tasa: %3,7koa izan zen ostegunean, eta %5ekoa atzo.

Atzoko datuen arabera, Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, COVID-19ak jotako 17o lagun daude ospitaleratuta. 57 dira ZIUn daudenak. Ostiralean 29 ospitaleratze berri izan ziren Osakidetzan, hemeretzi larunbatean eta 26 atzo.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide