Txalo zaparrada mardula jaso du 'Etxegabetuak' antzezlanak

Onintza Lete Arrieta 2021eko irailaren 11

Alprojak urtero Euskal Jai egunez taularatu ohi duen ikuskizuna gaur eskaini du Lizardi kirol aretoan. 10:30ean egin dute aurreneko emanaldia, eta 12:15ean bigarrena. Ikusleek ederki pasa dute etxebizitzarena bezalako gai serio bat umorez beteta ondutako gidoiarekin.

Alprojak eskuorri bana utzia zuen ikusleentzako aulkietan, Etxegabetuak antzezlanaren sarrera gisa. Honela zioen: "Galtzagorriek ez diote inoiz horrelako abentura bati aurre egin: etxe gabe geratu dira, eta orain Zarautzen bizileku berri bat aurkitu behar dute. Baina... ene! Zein zaila dagoen asuntoa! Lortuko al dute haien herrian bizitzen jarraitzea?".

Galdera horri tiraka, antzezlanean agertu dira Zarautzen bigarren etxebizitza duten azpeitiar eta eibartar bana, etxea Airbnb-n alokatzeko prest; babestutako azken etxea lortzearren Egunean Behin lehiaketan parte hartu duten bi herritar; gurasoen etxetik alde egiteko Ertzaintzan sartzea pentsatu duen herritar bat; etxetik bidali behar zuten pertsona bat eta horren kontra protesta egin duten lau gazte... Etxebizitzaren inguruan dauden askotariko arazoak taularatu dituzte umorea eta exajerazioa lagun hartuta.

Dantzan hasi eta dantzan amaitu da antzezlana, eta bukaerarik ez diote eman kontaketari. Istorioak nola jarraituko duen, hori zarauztar denen esku dagoela iradoki dute.

Gaur egindako lanaren ondoren, Alprojako 42 kideek deskantsatzeko eta bizitakoaz gozatzeko eskubidea irabazi dute, behintzat. Hauek izan dira parte hartzaileak: Ainara Alkorta, Alaitz Usandizaga, Amaiur Zumeta, Amets Usandizaga, Ane Zulaika, Añes Lizaso, Arrate Indo, Ascen Exposito, Asier Zubiaurre, Beñat Aristi, Beñat Intxauspe, Bittor Urbieta, Carmen Saez de Ocariz, Erik Peitvein de Saint Andre, Esti Unanue, Fan&Go, Garazi Intxauspe, Garazi Txapartegi, Hodei Alonso, Ianka Aldabaldetreku, Ibon Aristi, Ilargi Garcia, Iraitz Zumeta, Jakes Azkue, Jone Alberdi, Josu Aranburu, Julen Alberdi, Julen Portillo, Libe Eizagirre, Mª Luisa Llona, Maite Isasti, Maixux Altuna, Marije Zumeta, Mayi Saizar, Mikel Fernandez, Naroa Riestra, Nere Izeta, Olatz Bergara, Oroitz Unzueta, Unai Muniain, Uxue Otaduy eta Yaiza Munzon. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide