Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako prebentzio arloak antolatuta, gurasoei zuzendutako hiru ikastaro egingo dituzte Gaztelekuan datozen bi hilabeteetan: hazkuntza osasuntsu baterako tailerra, garapen emozional osasuntsua lantzeko tailerra eta nerabezaroa ulertzeko eta ezagutzeko tailerra. Seme-alaben adinaren arabera sailkatu dituzte ikastaroak; hain justu, 0-5 urte arteko haurren gurasoek hartu ahalko dute parte aurrenekoan, 6-12 urte arteko haurren gurasoek bigarrenean, eta 13-18 urte arteko gazteen gurasoek azkenekoan.
Hazkuntza osasuntsurako tailerrean, besteak beste, haurren jarrera ulertzeko mekanismoak, emozioen kudeaketa eta jolasaren garrantzia izango dituzte aztergai gurasoek. Garapen emozionala eta osasuntsua lantzeko tailerrean, berriz, gurasoen emozioen kudeaketaren, haurren arteko gatazken edota gailuetako pantailen erabileraren inguruan arituko dira.
Egun berdinetan izango dira bi ikastaroetako saioak: urriaren 4an, 18an eta 25ean eta azaroaren 8an, 15ean eta 22an. Ordutegiari dagokionez, baina, 15:00etatik 16:30era egingo dituzte 0-5 arteko haurren gurasoei zuzendutako tailerreko saioak, eta 17:00etatik 18:30era izango dira 6-12 urte arteko haurrak dituzten gurasoentzako saioak.
Nerabezaroa ulertzeko eta ezagutzeko tailerrean, bestalde, komunikazioa, gazteei jarri beharreko mugak, ikasketak, nerabeen osasun emozionala zein elikadura nahasteak landuko dituzte. Urriaren 5ean, 19an eta 26an eta azaroaren 2an, 9an eta 16an elkartuko dira ikastaro horretako partaideak, 18:00etatik 19:30era.
Izen-ematea zabalik
Hezibide elkarteko Mireia Centenok gidatuko ditu hiru ikastaroak, eta esan bezala, sei saio izango dira tailer bakoitzeko. Interesdunek izena eman dezakete jada, prebentzioa@zarautz.eus helbidera mezu bat bidalita. 10 eurokoa da matrikula bakoitzaren kostua.