Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, bost positibo zenbatu zituen atzo Osasun Sailak Urola Kosta eskualdean; azken asteetako daturik baxuenetako bat da hori. Azpeitian baieztatu dituzte kasu positibo gehien; izan ere, hiru kasu detektatu dituzte han. 210,25eko intzidentzia tasa zuten atzo han, eta 203,68koa gaur. Zarautzen eta Zumaian atzeman dituzte beste positiboak, bana herri bakoitzean. 94,23ko kasu metatuen tasa dute Zarautzen –119,93koa zen atzo–, eta 193,34koa Zumaian –183,17koa zen atzo–.
Gainerako herri guztietan ez dute kasu positiborik hauteman, eta guztiak daude eremu horian edo berdean. Aia –50,38– eta Beizama –hutsean– dira berdean dauden eskualdeko herri bakarrak. Getaria ere gertu da eremu horretatik –70,67–, baina astelehenera arte itxaron beharko dute horitik berdera igarotzen diren ezagutzeko. Orio –81,54– eta Zarautz –94,23– ere egoera onean daude. Aizarnazabal –130,04–, Errezil –161,03– eta Zestoa –179,76–, aldiz, urrunago daude eremu berdetik. Azkoitiak du, aldiz, eskualdeko intzidentzia tasarik altuena. 242,01ekoa da herri horretako kasu metatuen tasa.
269 positibo, Hegoaldean
Atzo, osteguna, 269 positibo baieztatu zituzten Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 4.318 proba egin zituzten atzo, eta guztira, 221 herritarrek eman zuten positibo: 28k Araban, 124k Bizkaian, 67k Gipuzkoan, eta bi hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean. Hori horrela, positibotasun tasa %5,1ekoa da hiru lurralde horietan. Kasu metatuen tasak behera egin du beste behin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hamahiru puntu atzo, eta gaur-gaurkoz 196,57an dago kokatuta. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 27 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta egun 181 dira ospitaleetan gaixo daudenak –atzo baino zortzi gutxiago–. ZIUn daudenak, berriz, 58 herritar dira, atzo baino bat gehiago.
Nafarroan, bestalde, 1.308 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta guztira, 48 positibo hauteman zituzten, hau da, proba egindakoen %3,7k eman zuten positibo. Lau lagun ospitaleratu zituzten atzo Nafarroako erietxeetan, eta egun 67 dira gaixo dauden herritarrak. Aldiz, zainketa berezia behar dutenak 22 dira, atzo baino hiru lagun gehiago.