Beñat Aristi eta Beñat Intxauspe: "Aurten ere aurpegi polita jarri diogu kritika zorrotzari"

Amaia Urbieta Arruti 2021eko irailaren 10a

Beñat Aristi eta Beñat Intxauspe. (Amaia Urbieta Arruti)

Aurten ere izango dute Alprojako galtxagorrien istorioak entzuteko aukera zarauztarrek. Ezohiko moduan, baina berezko duten jarrera zirikatzailearekin igoko dira bihar oholtzara.

Iazko etenaren ondoren, publiko aurrera itzuliko da berriro ere Alproja antzerki taldea. Etxegabetuak antzezlana prestatzen ibili dira azken hilabeteetan, eta egoerak zailtasun gehigarri ugari eragin badizkie ere, bihar bertan oholtzaratuko dute. Beñat Intxauspe eta Beñat Aristi izan dira aurtengo obraren zuzendariak, eta beren lanaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Zuek biok zuzendutako ‘Etxegabetuak’ obra eskainiko du bihar Alprojak. Zer aurreratu daiteke aurtengo antzerkiaz? 

Beñat Intxauspe: Gidoia idazten Unai Muniainek eta Ane Zulaikak ere parte hartu dute. Lauen arteko sorkuntza izan da, nahiz eta ideiaren oinarria Beñat Aristirena izan den. 

Beñat Aristi: Urteak daramatzagu Alprojako istorioak sortzen eta errealitate ezberdinak kontatzen. Urteak pasatu ahala, gu ere adin honetara iritsi gara, 30 urteen bueltara, eta Zarauzko errealitate batekin egin dugu topo gure bizitzetan: etxeen kontua. Kontakizun hori galtxagorrien ahoetara eraman dugu. Galtxagorrien etxea lehengo urtean ezagutu genuen, istorioa orain dela urtebete hasi ginen idazten. Galtxagorriak non kokatzen genituen bagenekien: industrialde batean bizi ziren, baina hori desagertu da eta galtxagorriak etxerik gabe daude. Orduan, etxe bila hasiko dira etxez betetako herri honetan. Aurkituko duten edo ez, beste istorio bat da.

Hainbat alditan parte hartu duzue antzerkiaren sorkuntzan, eta ez dituzue edonolako gaiak aukeratzen. Zer bilatzen duzue?

B.I.: Antzerkia egiten duenaren helburua beti izaten da publikoari zerbait eragitea. Aurten, publikoari pentsarazi nahi diogu bertatik bertara daukagun kontu baten inguruan. Ez dugu ohiko kritika modua bilatu, ahotsa altxatuz eta kexatuz, baizik eta modu kuriosoan salatu nahi izan dugu salatu behar dena. 

B.A.: Nik gehituko nioke komediak kolore asko dituela, clownetik asko izan duela Alprojak, baina niri umore beltza eta groteskoa gehiago gustatzen zait, eta hortik sortuak izan dira eszena asko. Aurpegi polita jarri diogu kritika zorrotzari. Alproja jende askok ezagutzen du kritikagatik eta herriko kontuak ekartzeagatik. Koktel hori mantendu dugu, kritikarena eta umorearena. Eta, azken finean, festa pasatzera ekarri ikusleari.

Talde handia zuzentzen zabiltzate. Ez da erraza izango hainbeste jende kudeatzea, ezta?

B.I.:
32 aktore elkartu gara aurten, eta ez, egia esan, ez da erraza izan.

B.A.: Zailtasunak beti egon dira, eta aurten, COVID-19agatik, are gehiago. Burbuila taldeak sortuta eta konfinatzeko mamuarekin... horrela sortuta eraiki behar izan dugu istorioa. Idatzita zeuden eszena batzuk moldatu behar izan ditugu errealitate horretara. 32 aktore daude, gehienak aurreko urteetan ibiliak, orduan, ederki moldatu dira egokitu behar izan ditugun kontuetara. Normalean hiru bloke egiten baditugu, aurten bitan kontzentratu dugu lana. Ondo erantzun dute eta talde honekin lan egitea benetan ederra izan da egia esan. Beldur eta ezjakintasun asko genituen, baina ez da zaila izan, azkenean.

B.I.: Antigeno probak egiten ibili behar izan dugu. Hala eskatzen du egoerak, kinka larrian egongo ginatekeelako bestela. Nahikoa da positibo bat aktore batzuk konfinatzeko. Ondorioz, haien hutsunea nabarituko litzateke. Hori dela eta, aurten aktore bakoitzak bi paper entseatu ditu, bat titularra eta bestea ordezkoa. Titularrak positibo emango balu edo konfinatu beharra izango balu, ordezkoak egingo luke paper hori.

Alproja taldeaz zerbait esan badaiteke, hori da anitza dela, ezta?

B.A.:
Nik esango nuke anitza eta aberatsa dela. Plazera da etortzea eta ikustea 14-15 urteko gazte hasiberriek nola sozializatzen duten 30 urteko ez horren urrutiko errealitateekin, baina baita jubilatutakoekin ere. Herri antzerkia egin nahi bada, adibide ederra daukagu Zarautzen. Denetarikoak gaude, lanbide, jatorri eta adin ezberdinetako jendea. Horrek jokoa ematen digu, ederra da jolastea pertsona heldu bat umearena egiten jartzea, gaztea edadetuarena egiten... Errealitatea bilatu ordez, aberatsa den talde honi etekina ateratzea.

Zer moduzko gorputzaldia duzue biharko egun handirako?

B.I.:
Izerdi hotz pixka bat bota dugu aste honetan. Azkenean, bi aldiz egiteko erabakia hartu genuen Munoan ezin zelako egin. Jende pilaketak saihesteko, garbi genuen leku itxian behar zuela izan. Lizardi kirol aretoan edukiera 300 pertsonakoa da, eta beste urteetako ikusle kopuruarekin alderatuta oso gutxi iruditzen zitzaigun. Horregatik, aurten esfortzua egin eta bi pase egitea erabaki genuen. 200 sarreratik gora soberan ditugu oraindik. 

Herritarrak animatzen ditut etortzera oso gai aktuala delako, denoi eragiten diguna, sekulako pertsonaiak dituena, eta umore eta bihurrikeria askorekin kontatua.

Antzerkirako sarrerak eskura daitezke oraindik

Bi aldiz eskainiko du Alprojak Etxegabetuak antzerkia bihar, edukiera kontuengatik; 10:30ean izango da lehen pasea, eta 12:15ean bigarrena. Sarrerak eskuratzeko hitzordua iragan larunbatean jarri zuten, eta bigarren saiorako ia-ia guztiak agortu baziren ere, oraindik eskuratu daitezke 10:30ean izango den saiorako sarrerak.

Txartela ziurtatu nahi duenak, gaur izango du doan eskuratzeko aukera Modelo aretoan, 19:00etatik 20:00etara bitartean. Soberan geratzen direnak, berriz, bihar bertan hartu ahal izango dira Lizardi kirol aretoan, saioa hasi baino orduerdi lehenago, 10:00ak aldera.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide