Aritzbatalde kiroldegiko pista berritzeko lanak amaituta, jada taldeak entrenatzen ari dira bertan. Atzo arratsaldean egin zuten instalazio berrituaren aurkezpen ekitaldia Zarauzko Udaleko ordezkariek eta Zarautz Kirol Elkarteko arduranek. ZKEk urte dezente zeraman pista eraberritzeko eskatzen. «40 urte ditu gutxi gorabehera eta urte hauetan guztietan aldaketa bakarra izan du; bere garaian gomazko lurra jarri zitzaion», gogora ekarri zuen Leire Arana Kirol zinegotziak. Hala, "ZKEk dituen beharrak ikusita, eta goi mailetan jokatzen duten taldeak dituela kontuan izanda, lurra aldatzea erabaki genuen, eta uda aprobetxatu dugu horretarako".
Aranak jakinarazi zuenez, zoru berria egurrezkoa da, "merkatuko onenetakoa", eta "espero dugu gustura aritzea aurrerantzean eskubaloi, saskibaloi nahiz areto futbol sailetako jokalariak". Era berean, beste txukunketa lan batzuk egiteko baliatu du udalak: sareak berritu dituzte, saski berriak jartzekoak dira, paretak margotu dituzte, megafonia sistema eta larrialdietako ateak aldatu dira, eta markagailuko metakrilatoa ere berritu dute. Emaitzarekin pozik agertu dira, baina pixkanaka berrikuntza gehiago egiten joango direla aurreratu du zinegotziak. Udalak obra hauek egiteko 160.297,22 euro (BEZ barne) inbertitu ditu.
«Beti da pozgarria»
«Kirol inaugurazio bat den heinean, beti da pozgarria ZKErentzat, baita herriarentzat ere», nabarmendu zuen Zarautz Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantesek. Haren ondoan izan ziren Areto Futbol ataleko Eneko Iturrioz, Eskubaloi ataleko Julen Aizpitarte eta Saskibaloi ataleko Dan Lertxundi. Collantesek azaldu zuen "udalak bere baliabideen bidez" haien eskaerei erantzun diela. "Gertutasuna sentitu dugu une oro udalarengandik, eta hori garrantzitsua da. Izan ere, kontsultatu gaituzte proiektua aurrera eramateko unean, eta elkarlanarekin oso eskertuta gaude", biribildu zuen.
Xabier Txurruka alkateak aukera baliatu nahi izan zuen Zarauzko Udalak kirolarekiko eta Zarauzko kirol elkarteekiko duen "konpromiso irmoa" berresteko. Etorkizunerako ere badituztela hainbat erronka azpimarratu zuen alkateak: "Lizardi aretoari zerbitzua emateko, aldagela berriak bukatuko ditugu datozen hilabeteetan, eta, ondoren, Astin ditugun instalakuntzak berritzeko pausoak emateko asmoa dugu". Errepasoa egite aldera, gogoratu zuen udalak azken bost urteetan 5 milioi euro baino gehiago inbertitu dituela kirol instalazio publikoak berritzen.