Ikasturte honetan ere ibilaldi osasungarriak egingo ditu Zarautzen Minbiziaren Aurkako Elkarteak

Dorleta Agiriano Lai 2021eko irailaren 7a

(AECC Gipuzkoa)

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak irailaren 15ean ekingo die berriz txango osasungarriei. Astero elkartuko dira egoitza aurrean.

Ikasturte honetan ere ibilaldi osasungarriak antolatu ditu eskualdean Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (AECC). Zarautzen asteazken goizero egingo dituzte oinezko osteratxoak; Balea kaleko 2. zenbakian (elkartearen egoitza aurrean) bilduko dira partaideak, 10:00etan. Hurrengo asteazkenean, irailaren 15ean, izango da ikasturteko lehenengo saioa.

Zarautzen eta inguruetan ibiliko dira beti, eta txango bakoitzean 5 kilometro inguruko bidea egingo dute, ordu eta erdi inguru egiteko oinez. Doako saioak izango dira guztiak.

Minbiziaren Aurkako Elkarteko prebentzio arloak jarri zuen abian egitasmoa, Martxan izenpean. Helburua da "bizi-ohitura osasungarriak sustatzea", minbizia bezalako gaitzek jotzeko arriskua murrizteko. Izan ere, elkarteko kideek azaldu dutenez, "malgutasuna eta sasoi fisikoa hobetzen" laguntzen du oinez ibiltzeak. Taldean aritzea, gainera, "motibagarriagoa" dela uste dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide