Emakumeentzako Jabetze Eskolan zortzi ikastaro izango dira urte bukaerara bitartean

Dorleta Agiriano Lai 2021eko irailaren 7a

Emakumeen* Etxean izango dira saio guztiak, eta irailaren 17ra arte egongo da zabalik izen-ematea. Besteak beste, Amaia Urieta, Kontxi Lopez eta Maria Feijoo arituko dira dinamizatzaile gisa ikastaroetan.

Irailean sartzearekin batera aurkeztu du urte amaierara bitarteko egitaraua emakumeentzako Jabetze Eskolak. Emakumeei zuzendutako ikastaroak antolatzen dituzte Jabetze Eskolan eta, udalaren esanetan, helburua da "bizitza modu autonomoan, konfiantzaz eta norberarengan sinetsiz esperimentatzeko aukera" ematea parte hartzen dutenei. Iaz 150 emakume inguruk hartu zuten parte ikastaroetan.

Oraingoan ere Emakumeen* Etxean izango dira Jabetze Eskolako saioak, eta irailetik urte bukaerara bitartean zortzi ikastaro egingo dituzte. Irailaren 17ra arte egongo da irekita izen-ematea, eta Internet bidez (www.labur.eus/jabetze-eskola21), telefonoz deituta (943 005 136) edo posta elektroniko bidez mezu bat bidalita (emakumeen-etxea@zarautz.eus) eman daiteke izena.

Arratsaldez izango dira saio gehienak, eta ikastaro guztietan egingo dute saio bat astean. 15 euro ordaindu beharko ditu partaide bakoitzak, kasu batean izan ezik: 5 euro garestiagoa da Izaera izatea (Tener carácter) ikastarorako matrikula.

Hona hemen datozen lau hilabeteetan izango diren ikastaroak:

Ahalduntzerako mindfulnessa (euskaraz). Irailaren 27tik azaroaren 29ra, astelehenetan, 16:00etatik 18:00etara. Amaia Urietak dinamizatuko ditu saioak, eta helburua izango da "norbere baitan errotuta egoteak duen garrantziaz jabetzea". "Gure gorputzaz eta arnasaz jabetuko gara, eta hitzak, mugimenduak, sentsazioak eta abar partekatuko ditugu", azaldu du.

Norberaren gela: gure jakintzak deskubritzea (gazteleraz). Irailaren 28tik abenduaren 14ra, astearteetan, 15:00etatik 17:00etara. Kontxi Lopez izango da dinamizatzailea, eta azaldu du "garapen pertsonalerako espazioa" izendatu duela "norberaren gela" gisa. "Gure esperientziak, gaitasunak, jakintzak eta desira ezkutuak ezagutu eta baloratzeko tartea izango da", dio.

Adierazpen eta komunikazio tailerra (gazteleraz). Irailaren 28tik azaroaren 30era, astearteetan, 18:00etatik 20:00etara. Maria Feijook gidatuta, "gure beharrak identifikatzen jakitearen garrantzia ezagutuko dugu" tailer honetan, "eta horiek komunikatzen ikasteko baliabideak eta tresnak" eskuratuko dituzte parte hartzaileek.

Zahartzearen plazera (gazteleraz). Irailaren 29tik abenduaren 1era, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara. Pepa Bojok egingo ditu dinamizatzaile lanak. "Gogoeta egingo dugu nola zahartu nahi dugun, zer beldur eta kezka ditugun, eta, batez ere, nola egin diezaiekegun aurre etapa hau bete-betean bizi ahal izateko.

Izaera izatea (gazteleraz). Irailaren 30etik abenduaren 16ra, ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara. Rebeca Diazen laguntzarekin, "indar, sormen eta ausardiarekin konektatzea" izango da asmoa, norbere "izaerarekin adiskidetzeko" eta "beldurrik eta konplexurik gabe bizitzeko".

Gorputz kontzientziatik mugimendu askera (euskaraz). Urriaren 1etik abenduaren 3ra, ostiraletan, 17:00etatik 18:30era. Maider Oiarzabalek dinamizatuko du ikastaroa, eta dantza tailer bat izango da, "gorputzen autokonzientzia, mugimendua, ongizatea eta ahalduntzea" lantzeko.

Harreman afektiboak heldutasunean (euskaraz). Urriaren 1etik abenduaren 10era, ostiraletan, 10:30etik 12:30era. Clara Wolfram arituko da dinamizatzaile, eta "bizi konexioa berpizteko
lan egitea" izango du xede tailerrean, "boterea berreskuratzeko eta bizi indar horrekin gozatzeko".

Sinesmen mugatzaileak gaindituz, gure buruaren jabetza hartu (euskaraz). Urriaren 6tik azaroaren 24ra, asteazkenetan, 15:30etik 17:30era. Aikari Lizasok gidatuta, ikastaroan parte hartzen dutenek "oztopoen atzean dauden sinesmen mugatzaileak identifikatzen" ikasiko dute; hortik abiatuta, "norbere bidearen burujabe egiteko ahalduntze prozesu sendo eta iraunkor batean murgilduko" dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide