Arraunerako oso exijente zegoen itsasoa gaurkoan, gizonezkoen Kontxako sailkatze estropadan. Badiaren kanpoaldean haizeak bortizki jotzen zuen ipar-ekialdetik, eta txalupak balantzaka egiten zuten aurrerantz lehen luzean, kasik ezinean, bakoitzak kale egokiena bilatu nahian. Teknikoki zaila zegoen arraun eremua, eta asmatzen ez zuenak denbora asko galtzeko arriskua zuen. Eusko Label Ligako sailkapeneko lehen postuetan kokatuta dauden traineruek ez dute hutsik, eta horiexek sailkatu dira inolako arazorik gabe.
Santurtzik egin du erlojupeko denborarik onena (20:23,68), eta Orio izan da eskualdeko ordezkarien artean Kontxako bi igandeetarako sailkatu den bakarra. Zarautzek, Getariak eta Zumaiak ez dute txartelik lortu. Zarautzek iaz egindako balentria berrestearekin egiten zuen amets, nahiz eta jakin oso konplexua izango zela. Saiatu saiatu dira, baina baldintzak ez dute horretarako bide eman. Azkenean, hamahirugarren postuan bukatu dute, 21:16,30 denborarekin.
Ezustea, nolabait esateko, Galiziako taldeek eman zuten. Eusko Label Ligan beheko postuetan ibili izan dira Ares eta Cabo, baina gaurkoan estropada serioa jokatu dute eta barruan sartu dira. Zuzenean sailkatuta dagoen Donostiarra etxeko taldearekin batera, ondorengo zazpi ontziak ariko dira Kontxako Bandera eskuratzeko lehian: Santurtzi, Hondarribia, Zierbena, Cabo, Orio, Urdaibai eta Ares; hurrenkera horretan sailkatuta.
Igandeko txanden zozketa ere egin dute, eta honela geratu da: Oriok bigarren txandan lehiatuko da Santurtzi, Cabo eta Aresekin; lehen txandan, berriz, Hondarribia, Zierbena, Urdaibai eta Zierbena ariko dira.