Datorren astelehenean mobilizazioak berrartuko ditu Zarauzko pentsionisten mugimenduak. Ohi bezala, 12:00etan jarri dute pentsio duinak aldarrikatzeko hitzordua, Lege Zaharren Enparantzan.
Prentsa oharrean jakitera eman dutenez, jaso da legean pentsioak KPIaren arabera errebalorizatzea, baina kalean jarraitu behar dutela azpimarratu dute, "pentsio sistema publikoaren aurkako mehatxuek bere horretan" jarraitzen baitute. Gaineratu dute "pentsioen finantzaketa bermatu gabe" dagoela oraindik. "Pentsioaren %100era iristeko behar diren kotizazio urteak igotzeko mehatxua indarrean dago oraindik, eta urtebete atzeratzen da, besterik gabe. Pentsaezina da gutxieneko pentsioen igoera nabarmenari buruzko aipamenik ez egitea eta Europako Gutun Sozialeko nahikotasun irizpideetatik eta 1080 eurotik gero eta urrunago geratzea". Gainera, azpimarratu dute "onartezina" dela "inolako urratsik ez egitea pentsioetako genero arrakala desagerrarazteko".
Horregatik guztiagatik, "kalean jarraitu behar" dutela adierazi dute pentsionistek, "garaipen berriak lortzeko". "Mobilizatzea da gure bermerik onena, eta ez dugu onartzen egiten ari diren eraberritzean partaide ez izatea".
.