Kontxako sailkatze estropadak jokatuko dira gaur eta bihar

IƱigo Gaiton-Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 1a, 10:00

Iaz Kontxan lehiatzeko aukera eduki zuen Enbatak. (Hitza)

Emakumezkoen txanda izango da gaur, eta gizonezkoena bihar. Bi estropadetan, denborarik onena egiten duten lehen zazpi traineruek eskuratuko dute Kontxan lehiatu ahal izateko txartela.

Egun gutxi falta da traineru denboraldiko hitzordurik berezienari hasiera emateko. Izan ere, gaur eta bihar jokatuko dira, hurrenez hurren, emakumezkoen eta gizonezkoen Kontxako Banderarako sailkapenak, 17:30ean hasita.

Zarauzko emakumezkoen traineruak zein gizonezkoen lehenak parte hartuko dute gaurko eta biharko lehietan. Iaz bezala, txapelketaren segurtasuna bermatzeko helburuarekin, proba guztiak ordubete aurreratu dituzte, eta sailkatze estropadak bi egunetan banatu. Erlojuaren aurkakoak izango dira bi sailkatze probak, eta Zarautz-Gesalaga-Okelaneko emakumezkoen taldea B multzoko ontziekin batera aterako da –20 traineruk hartuko dute parte eta hamarreko bi multzotan banatu dituzte–. Gaur egingo dute irteera ordena zehaztuko duen zozketa, eta traineruak hurrengoarekiko minutu bateko aldearekin aterako dira bi luzeak egitera.

Bihar, berriz, gizonezkoen txanda izango da. Horiek hamabi traineruko bi multzotan banatu dituzte, eta A multzoan da Zarautz. Bi luze egin beharko dituzte erlojuaren aurka, eta denborarik onena egiten duten lehen zazpi traineruek Kontxan aritzeko txartela eskuratuko dute.

Datozen bi igandeetan jokatuko dira Kontxako estropadak, hilaren 5ean eta 12an. 10:00etan hasiko da emakumezkoen jardunaldia bi igandeetan, eta gizonezkoena ordubete beranduago jokatuko da, 11:00etan. Bigarren urtez, pandemiak sortutako osasun egoerak baldintzatuta jokatuko dira Donostiako Estropadak. Aurten, ordea, publikoaren zati bat berreskuratzea erabaki dute antolatzaileek. Hala, pandemiaren aurreko ikusle kopuruaren %20ko inguruko edukiera mugatua zehaztu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide