Baina behin aukera hau emanda, aldatzeko gogoa sartu zait eta azken aldian arrazoi batengatik edo besteagatik gehientxoen entzun ditudan bost kantu aukeratzea pentsatu dut.
Aukeraketa xelebre xamarra gelditu zait, baina hauxe da nire momentuko argazkia.
1. Xu Jun eta Beñat Fuentes, Bye Bye Bye
Lankide batek oparitu zidan diskoa, 2011an argitaratu zuten The tree izenekoa, eta hau da diskoa irekitzen duen abestia. Txinatar batek eta bizkaitar batek osatutako lana da eta, egia esan, disko osoa iruditzen zait ederra eta entzuteko modukoa. Etxean lanen bat egin behar dudanean sarri jartzen dut, bibrazio onak transmititzen dizkit beti.
2. Alice Phoebe Lou, Berlin blues
Hegoafrikan jaiotako emakume gaztea da, Berlinen bizi dena. Ibilbide interesgarria dauka dagoeneko eta "Berlin blues" honek badu zerbait berezia. Bideoklipak bere txikitako irudiak eta familiako pasarteak bere gaur egungo bizitoki den hirikoekin tartekatzen ditu.
3. Marianne Faithfull, Why did we have to part
Duela hamar bat urte Bilbon izan zen zuzenean jotzen eta bere prentsaurrekora joateko zortea izan nuen. Geroztik kantu hau sarri izaten dut buruan bueltaka, urteetan zehar urratutako ahotsa barruraino sartzen da hasierako akordeekin batera.
4. Courtney Bernett, Keep on
Itxialdi garaian asko entzun nituen australiar honen kantuak. Musikalki interesgarria izateaz gain, batez ere, hitzen indarra nabarmenduko nuke. Hondoa jotzear baldin bazaude, berak errematatuko zaitu.
5. Amaral, No sé qué hacer con mi vida
Denok dugu kotxean bakarrik goazenean oihuka barruak husten laguntzen digun kanturen bat. Nirea, Shakiraren beste hiruzpalaurekin batera, hauxe.