Gaur da azken eguna Aritzbataldeko ikastaroetan izena emateko

Amaia Urbieta Arruti 2021eko abuztuaren 31

Ikasturte berriko saioak irailaren 15ean jarriko dira martxan. Plazak betetzen badira, zozketa egingo dute bihar bertan. Hemen dago ikusgai ikastaroen zerrenda.

Irailaren 15ean, bi aste barru, hasiko dira Aritzbatalde kiroldegian 2021-2022 ikasturteko ikastaro eta zerbitzuak. Iazko neurri berak egongo dira martxan: txandak, edukiera muga eta higiene neurriak. Dena den, udalak zehaztu du fitness eta igerileku guneetarako txandetara sarrerak malguagoak izango direla ikasturte berrian. Leire Arana Kirol zinegotziak adierazi du udan "tornuen bidezko sarrera" jarri dutela martxan, eta horrek aukera ematen duela "erabiltzaileak txandan zehar nahi dutenean sartzeko, eta ez lehen bezala, txanda hasi baino hamabost minutu lehenago". Gaineratu du "aldaketa txikiak egiten" jarraituko dutela, "osasun egoeraren eta erabiltzaileen beharraren arabera".

Ikastaro eskintza

Bigarren solairuan eskainiko dituzte aurten ere lehorreko ikastaroak. Aurreko urtean izena emanda zeudenek beraien plaza gordetzeko aukera izan dute udan zehar eta, orain, kide berriek eman dezakete izena. Dena den, gaur da horretarako azken eguna. Aritzbatalde kiroldegiko harreran edota Internet bidez egin daiteke izen ematea. Erabiltzaile berrien artean zozketa egin behar izatekotan bihar egingo dute. Plaza librerik geratzen bada, berriz, zuzenean egin ahal izango da izen ematea.

Bestetik, haurren eta helduen igeriketa ikastaroak urriaren 4an hasiko dira, eta hiru hilabete iraungo dute. Izena emateko epea irailaren 2tik 19ra zabalduko da eta zozketa egin beharko balitz, irailaren 20an egingo litzateke. Seniorrentzako soinketa ere urriaren 4an hasiko da eta ikastaroen nondik norakoak irailaren 1etik aurrera azalduko dira, pandemiaren bilakaeraren baitan. 

Hemen dago ikusgai kiroldegiko eta igerilekuko eskaintza osoa.

Kiroldegiko zerbitzuak

Aritzbatalde kiroldegiko zerbitzuek orain arteko funtzionamendu berarekin jarraituko dute, txanda erreserba, edukiera muga eta osasun neurriei dagokienean. Udako ordutegia iraila amaiera bitartean luzatuko da.

Horrez gain, igerileku ertaineko 17:15eko txanda erabilgarri dago jolas librerako udako ordutegiak iraun bitarten, eta dagoeneko eskatu diezazkiokete begiraleari entrenamentu pertsonalizatuak fitness aretoko erabiltzaileek.

Informazio gehiagorako, Aritzbatalde Kiroldegiko harrerara gerturatu daiteke, kirol@zarautz.eus posta elektronikora idatzi edota 943-00 51 23 telefono zenbakira deitu.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide