Maria Jauregik egin du EH Kopako finaleko ohorezko sakea

Aritz Mutiozabal 2021ko abu. 29a, 18:00

Asti futbol zelaian jokatu dute Euskal Herria Kopako finala Alavesek eta Athleticek gaur arratsaldean, eta txapela zuri-gorrientzat izan da 2-1 irabazi ondoren. Partida hasi baino lehen, Maria Jauregi futbolari aitzindari zarauztarrak egin du ohorezko sakea, eta bertaratu direnek txalo artean hartu dute.

Lehen zatian babazorroak izan dira nagusi. Neurketaren hasieran lortu du Gasteizko taldeak gola, Lice Chamorro paraguaitarraren burukada bati esker, eta markagailu horrekin iritsi dira atsedenaldira. Bigarren zatian, ordea, Athleticek gogor egin du presioa, eta Nekaneren eskutik etorri da aurrena berdinketa, eta partida amaitzeko 8 minuturen faltan, Azkonak garaipenaren gola sartu du.

Jesus Aranak txapeldunaren garaikurra eman dio Athleticeko kanpitain Garazi Muruari, eta Maria Jauregik txapela jantzi dio.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide