Kontxako Banderaren aurreko azken estropadak izango dira gaur Eusko Label ligan. Galiziarako bidea hartu du traineru ligak: Aresen gaur eta bihar Moañan jokatuko dira estropadak. XIV. Bandeira Concello de Ares jokatuko da gaur arratsaldean, 18:13etan hasita; bihar, berriz, XXXIX. Bandeira Concello de Moaña izango da jokoan, eguerdiko 12:13etatik aurrera.
Zarautz mirari baten bila doa Galiziara. Eusko Label ligaren play offeko estropaden aurreko azken bi jardunaldiak dira hauek, eta Zarauzko Enbata sailkapeneko azken postuan da 38 punturekin. Postu honetan amaituta, maila galduko luke Zarautzek. Aurretik duen Tiran 11 puntura du, eta ia ezinezkoa dirudi geratzen diren bi estropadatan alde hori jatea. Saiatu, behintzat, saiatuko dira zarauztarrak.
ETE ligako azken bandera jokoan
Asteburu honetan amaituko da emakumeen ETE liga, Erandion jokatuko den estropadarekin. XXXIV. Erandioko Bandera izango da gaur jokoan, 17:45etik aurrera. Erlojuaren aurka arituko dira traineruak, bi luzera ziaboga batekin.
Kontxako sailkatze estropada jokatzeko faltan, denboraldiko azken saioak izango da Zarauzko traineruarentzat. Bederatzigarren da Zarautz, 3,31 punturekin.
Igandean, ligatik kanpo, Emakumezkoen V. Udako Donostiarra Bandera izango dute jokoan Urumea ibaian, 12:15etik aurrera.
KAE 2ko estropada, Kantabrian
Pasa den asteburuan bukatu zen KAE 1 liga; KAE-2 liga, aldiz, gaur bukatuko da, Colindresen jokatuko den XXVII. Ria del Ason estropadarekin. Erlojuaren aurka jokatuko da estropada hau, eta bertan izango da Zarauzko B trainerua.