Juan Kruz Unzurrunzaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1939 - Donostia, 2009) izenak oroitzapen diferenteak ekartzen dizkie batzuei eta besteei. Itxaropena inprimategiko semea, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako abokatua, Hordago argitaletxeko kidea, Euskadi Sioux taldekoa, Joxe Arregi torturatua hilobitik ezkutuan atera eta argazkiak egin zizkiotenen lagunartekoa, kulturaren sustapenerako Albaina etxearen zuzendaria, Orquesta Mondragon musika taldearen managerra, Altxerri arte galeriaren sortzailetarik bat...
Donostiako Parte Zaharreko Iñigo kalean Ekain Arte Lanak galeria zabaldu zuen 1999an. Kolektiboa izan zen hango lehendabiziko erakusketa: Bizente Ameztoi, Juan Luis Goenega, Rafael Ruiz Balerdi, Eduardo Txillida, Gonzalo Txillida eta Jose Luis Zumeta. Adiskideak zituen artista haiek; hain zuzen ere, Unzurrunzagaren erretratuak egindakoak dira Goenaga, Zumeta, Ameztoi eta Ruiz Balerdi.
Gaur egun haren iloba Rita Unzurrunzaga Schmitz (Zarautz, 1967) da Ekain galeriaren zuzendaria: «Osaba Juan Kruz Ekain leizean [Gipuzkoa] izan zen Jesus Altuna antropologoarekin, eta hunkituta geratu zen. Oso ezagunak dira orain dela 15.000 urte han margotutako zaldiak eta bisonteak, baina sabaian badira bi hartz osaba liluratuta utzi zutenak. Hartz haien siluetek osatzen dute arte galeriaren logotipoa».
Galeria txikia den arren —eskailerak jaitsi eta soto batean 120 metro koadro—, ibilbide garrantzitsua izan du hogei urte pasatxoan Ekain galeriak. Adibidez, Zumeta margolariak hantxe egin zuen bere azkenengo erakusketa, 2019ko udan. Azken lau urteetan Marta Cardenas, Amable Arias, Pepa Ugarte, Begiaundi Press (Jose Luis Lanzagorta), Koldobika Jauregi eta Elena Cajaravilleren lanak izan dira; eta oraintxe bertan Juan Txillidak tintaz egindako koadroak zintzilikatu ditu.