Aritzbatalde kiroldegiak irailaren 15ean emango dio hasiera ikasturte berriari, ikastaro eta zerbitzu eskaintza zabalarekin. Funtzionamenduari dagokionez, "iazko bide beretik" jarraituko duela nabarmendu du Leire Arana Kirol zinegotziak: "Txanda, edukiera muga eta osasun eta higiene neurriekin, egungo errealitateari erantzun eta kirolaz modu seguruan gozatzen jarraitzeko".
Edonola ere, fitness eta igerileku guneetako txanden sarrerak malguagoak izango dira ikasturte berrian. Izan ere, udan tornuen bidezko sarrerak aktibatu dituzte, eta horrek aukera eman die erabiltzaileei txandan zehar nahi duten unean sartzeko; lehen txanda hasi baino 15 minutu lehenago egin behar izaten zuten. "Aldaketa txikiak egiten jarraituko dugu osasun egoeraren eta erabiltzaileen beharren arabera”, aditzera eman du zinegotziak.
Izen-emate epea zabalik
Lehorreko ikastaroak irailaren 15ean hasiko dira eta aurten ere bigarren solairuan emango dira. Aurreko urteko ikastaroetan aritu direnek beraien plaza erreserbatzeko aukera izan dute udan zehar, eta orain izena emateko epea zabaldu dute abuztuaren 31ra arte; Aritzbatalde kiroldegiko harreran egin daiteke edo online bidez. Izena ematen dutenen artean, plaza kopurua baino jende gehiago balego, zozketa irailaren 1ean egingo litzateke. behin epea gaindituta, plaza librerik geldituko balitz, zuzenean eman ahalko da izena.
Bestetik, haurren eta helduen igeriketa ikastaroekin urriaren 4an hasiko dira, eta hiruhilekoak izango dira hauek. Izena emateko epea irailaren 2tik 19ra zabalduko dute, eta zozketa egingo beharko balitz, irailaren 20an izango litzateke.
Adinekoen soinketa ere urriaren 4an hasiko da eta ikastaroen nondik norakoak irailaren 1etik aurrera jakinaraziko dituzte, pandemiaren bilakaeraren arabera.
Kiroldegiko zerbitzuak
Udako ordutegia iraila amaierara arte luzatuko dute, eta igerileku ertaineko 17:15eko txandak jolas librerako erabilgarri egongo da ordutegi horrek iraun bitartean. Era berean, gogoratu dute fitnesseko erabiltzaileek monitoreari entrenamendu pertsonalizatuak eskatzeko zerbitzua ere martxan dagoela.
Ginerakoan, Aritzbatalde kiroldegiko zerbitzuek orain arteko funtzionamendu berarekin jarraituko dute ikasturte berrian, txanda erreserbei, edukiera mugei eta osasun neurriei dagokienean.
Informazio gehiagorako, Aritzbatalde kiroldegiko harrerara gerturatu daiteke, kirola@zarautz.eus posta elektronikora idatzi edo 943-00 51 23 telefonora zenbakira deitu.