Euskal liburugintzaren katean lan egiten duten elkarteek –EIZIEk, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak–, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, Hitzak Zaindari proiektua jarri dute abian zaintzaren gaia ardatz hartuta. Erakusketa bat, liburuxka bat argitaratu eta zuzeneko emanaldi bat egiteko asmoa dute Donostian. Irakurketa musikatua Nerea Loiola eta Imanol Epelderen eskutik izango da, eta Hitzak Zaindari erakusketari amaiera emango dio.
Zai(n)tzadan izenburua jarri dio bikoteak eta irailaren 2an eskainiko dute Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazan, 20:00etatik aurrera. Eskainiko duten emanaldiaren nondik norakoari dagokionez, ondorengo sinopsia aurreratu dute: "2016ko urriaren 30ean ezkondu ziren Nerea Loiola Pikaza (Deba, 1985) eta Imanol Epelde Pagola (Zarautz, 1977). Egun hotza espero zuten. Arropa mauka-luzeak erosi zituzten, txamarra bero lodiak. Eta egun eguzkitsua suertatu zitzaien: Oihal arinekin eta argazki ederrekin ezkondu ziren. Ordutik, elkar zaintzen dute. Elkar zaintzen dute? Elkar maite? Behar bezainbeste maite dute elkar? Zer da maitatzea zaintzea ez bada? Eta maite eta zaintzen dituzte izeba jubilatuak, guraso eroriak, bizilagunak? Eta umeak? Umeak bai, ezta? Umeekin errazagoa da dena". Galdera horiek eginez, erakusketako testuak eta irudiak kantuekin eta umorearekin uztartuko dituzte.
Emanaldia doakoa izango da, baina gonbidapenak aurrez lortu behar dira, edukiera mugatua delako. Eserlekua gordetzeko 943-25 19 19 telefonora deitu behar da, astelehenetik ostiralera 08:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.