Ezusteko baten zain geratzen da 'Enbata'

Zarauzko Hitza 2021ko abu. 22a, 14:48

Zarautz, atzo Ondarroan. Argazkia: ZAE

Itxaropenerako aukera gutxi geratzen zaizkio Zarauzko Arraun Elkarteari asteburuko bi estropaden ondoren. Hamabigarren izan da Enbata bi estropadetan, eta 11. postuan dagoen Tiranek aldea handitu du.

Hondarribian jokatu da gaur Eusko Label ligako estropada, Hondarribiko XXXIV Bandera hain zuzen. Sailkapen orokorreko hamabigarren postutik ihes egiteko borrokan jarraitzea zuen Enbatak helburu, edo, hobe esan, ametsa, asteburu honen aurretik. Ondarroako eta Hondarribiko estropadetan lortutako emaitzek ez dute itxaropentsu jarraitzeko aukera handiri eman.

Ondarroan, hamabigarren postuan sailkatu ziren. Ez hori bakarrik: sailkapenean aurretik duen Tiranek beste bi puntu atera zizkion. Alde hori jateko gogoarekin uretaratu da gaur Enbata Hondarribian. 

Baina ez da posible izan. Lehen minuturako atzean zen Zarauzko trainerua, segundo bakar batengatik bazen ere. Lehen bi ziabogetan nahiko parean sartu dira galiziarrak zein zarauztarrak, baina hirugarrenean aldea handitzen joan dira Tiranekoak. Estropadaren amaieran, bost segundo atera dizkio 11. egin duen Tiranek 12. izan den Zarautzi. 

Hemen gaurko estropadako denborak. 

Ondarroako eta Hondarribiko estropaden ondoren, sailkapeneko azken postuan jarraitzen du Zarautzek; aurretik du Tiran, baina asteburuko bi hitzorduen ondoren, aldea 11 puntura igo da: 49 puntu ditu Tiranek eta 38 puntu Zarautzek.

Ezusteko handi eta pozgarri bat ez badago, datorren asteburuko estropadekin emango dio agurra Enbatak Eusko Label ligari: lehen txandan aritzen direnentzako azken estropadak izango dira datorren larunbatean Aresen eta igandean Moañan jokatuko direnak. 11. postuan amaitzen duenak, hori bai, maila mantentzeko play offa jokatuko du ligako azken bi estropadetan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide