Eskola baino gehiago diren eskolak

Hodei Iruretagoiena - Berria.eus 2021eko abuztuaren 21a

Uztaileko bertso musikatuen emanaldian aurkeztu zuten Zarauzko Motxian-Etxebeltz Bertsogunea. (Amaia Urbieta Arruti)

Bertso eskola batzuek hausnarketa, egituratze eta zentralizatze prozesuak egin dituzte azken urteetan. Zarautzen, herriko bi bertso eskolak egitura bakarrean bildu dira aurten.

Bertsolari jaio egin behar zela uste zen garaitik, ideia horrekin hausteaz gain, zabalkunde eta garapen handia izan dute bertso eskolek. Azken urteetan, era guztietako talde, eskola eta elkarteak sartu izan dira izen horren pean. «Hasi astean behin bertsotarako elkartzen diren bertso eskola txikietatik, eta lekuan lekuko bertsozale elkarte txikietaraino», Bertsozale Elkarteko kide Eneritz Artetxeren hitzetan. Elkartetik bertatik kudeatzen dira asko, batez ere, Araban, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Badira asko, ordea, era autonomoan funtzionatzen dutenak. Haietako zenbaitek hausnarketa, egituratze eta zentralizatze prozesuak egin dituzte azken urteetan, bereziki Gipuzkoan; Zarautzen, esaterako, uda honetan aurkeztu dute Motxian Etxebeltz Bertsogunea.

«Bertso eskola hots egin izan diogu beti, baina bertsotan ikasteko lekua da hori. Guk bultzatzen ditugun egiturak hori baino gehiago dira», azaldu du Artetxek: «Elkartean garrantzitsua ikusten genuen bertso eskola batek ez betetzea ikasteko funtzio hori bakarrik, izan behar lukeelako tokiko bertso mugimenduaren eragile nagusi, edo behintzat, erreferente nagusi, lekuan-lekuan transmisioa eta sustapena egiteko». Tokiko talde eta eragile horien funtzioak bezala, bertso mugimendua aipatzean, asko baitira hura osatzen dutenak ere: antolatzaileak, irakasleak, bertsolariak, gai jartzaileak, epaileak... Artetxe: «Entzule hutsak zergatik ez izan bertso eskola bateko kide?».

Lekuan leku, aldatzen dira barne hartzen duten lurralde eremua eta adin tartea, tamaina eta baliabideak. Badira azken urteetan eskualde mailako elkarte gisa egituratu direnak ere. Herri mailan izan arren, Zarauzko Motxian eta Etxebeltz bertso eskolek indarrak batzeko ariketa egin, eta egitura bakarrean antolatzeko prozesua egin dute aurten. Uztaileko Bertso Astean aurkeztu zuten Motxian-Etxebeltz Bertsogunea, eta omenaldi txiki bat ere egin zieten Etxebeltzen sortzaile Rosa Lertxundiri eta Pello Esnali.

Erreportajea osorik irakurtzeko: Berria.eus

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide