Eusko Label ligako bi estropada jokatuko dira asteburu honetan ere. Larunbatean Ondarroan izango dute arraun giroa, eta egun bat geroago, Hondarribian.
XXXVII. Ondarroako Bandera-Cikautxo bandera jokatuko da. Eusko Label ligarako puntuagarria den estropada 18:13etatik aurrera jokatuko da. Igande eguerdian, berriz, Hondarribiko XXXIV. Bandera-Mapfre bandera izango da jokoan. 12:13tan abiatuko da lehen txanda.
Mailaz jaistea suposatzen duen azken postutik ihes egitea du helburu Zarauzko Enbatak, eta borroka horrekin jarraituko du asteburu honetan ere. Pasa den asteburuan, etxean jokatutako estropadetan, 11. postuan dagoen Tiranek ateratzen dion aldea bi puntutan gutxitu zuen Zarauzko traineruak. Gaur gaurkoz zortzi puntu ateratzen dizkio Galiziako klubak Enbatari: 44 puntu ditu Tiranek eta 36 Zarautzek, eta lau bandera aldea jateko. Zaila helburua, baina ez ezinezkoa.