Izurritearen bosgarren olatua baretze bidean dela dirudi. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian emandako datuen arabera, hamar kasu izan ziren atzo eskualdean. Bezperan baino zazpi kasu gutxiago dira, eta astelehenean baino hamabi kasu gutxiago. Urola Kostako bost herritan detektatu dituzte kasuak: lau Zarautzen, bina Zumaian eta Orion, eta bana Azpeitian eta Zestoan. Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituzten atzo kasu positiborik izan, datu hauen arabera.
100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak ere beherantz egin du eskualdeko herrietan. Gaur gaurkoz bi herri daude eremu gorrian: Azpeitia 689,88ko tasarekin, eta Zumaia 600,39 puntuko tasarekin; Azpeitian 50 puntu jaitsi da tasa, eta 30 puntu Zumaian. Eremu gorritik laranjara igaro den herria Zarautz da; gaur-gaurkoz 398,34 puntuko tasa du, asteartean baino 25 puntu gutxiago. Azkoitiak –216,97 puntu– eta Oriok –244,62– eremu horian jarraitzen dute.
Positiboak beherantz Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian ere jaitsi egin da positiboen kopurua. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 702 positibo izan ziren atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 7.268 probatan. Hiru lurralde hauetako positibotasun tasa %9,7koa zen atzo. Araban 119 positibo izan zituzten, 414 Bizkaian eta 153 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko beste hamasei lagunek ere positibo eman zuten atzo.
Gorantz egin duena Zaintza Intentsiboko Unitateetan dauden lagunen kopurua da. 78 lagun zeuden atzo ZIUetan, bezperan baino hiru gehiago. Beste 34 lagun ospitaleratu zituzten asteazkenean Osakidetzako erietxeetan, eta gaur gaurkoz 241 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde hauetako erietxeetan.
Nafarroan, berriz, 147 kasu detektatu zituzten atzo egindako 1.661 probetan. Positibotasun tasa %8,9ra jaitsi zen atzo lurralde honetan.
Zazpi lagun ospitaleratu zituzten atzo Osasunbideren erietxeetan eta gaur egun 101 lagun daude ospitaleratuta COVID-19agatik. ZIUn, berriz, 27 lagun daude gaur gaurkoz, bezperan baino bat gehiago.